Gizartea -

Elkarrizketa

Uma Mencia: 'Zaldiak gauzak egiteko ibilgailu izan dira nire bizitzan'

The Mongol Derby munduko zaldi lasterketa luzeenean (1.000 km) parte hartzen lehen euskal herritarra izango da Mencia. Arriskutsua bezain interesgarria den erronka honetaz hitz egin digu, Dubaitik.

Mencia, Dubain, zaldi gainean. Argazkia: Uma Mencia
Mencia, Dubain, zaldi gainean. Argazkia: Uma Mencia

E.GARAIKOETXEA | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

26 urte ditu, baina izan duen bizitzari erreparatuta, halako bi dituela esan lezake baten baino gehiagok. Uma Mencia Ereñon (Bizkaia) sortu zen 1989an, eta lau hilabete barru, The Mongol Derby munduko zaldi lasterketa luzeenean parte hartuko duen lehen euskal herritarra izango da. Ez da marka makala: mundu guztiko dozenaka zaldizkoren artean 41 aukeratu dituzte aurten Mongoliako estepetan barrena 1.000 kilometro egiteko, zaldi gainean denak ere.

The Mongol Derby lasterketa 2009tik urtero egiten da Asiako herrialde galdu eta ikusgarri honetan. Zaldiekin egindako maratoi baten antzekoa da, eta Munduko Guinness Errekorra du nazioartean dagoen luzeena delako. Lasterketa ez ezik, abentura ere bada, zaldi gainean doazenak Mongoliako eremu zabaletan bakarrik aritu behar dira, GPSa eskuan, helmugara arte. Bidean Mongoliako familiekin bizi beharko dira, lasterketaren arau zorrotzak errespetatuta.

Ideia Genghis Khan mongoliarren enperadoreak XI-XII mendeen artean mezuak bidaltzeko Ortoo sistematik hartu zuten The Mongo Derbyko antolatzaileek. zaldizkoak Mongoliako estepetan barrena ibiltzen ziren, eta zaldiz aldatzeko eta mezua beste jokey bati emateko bakarrik gelditzen ziren.

Aurten aukeratu dituzte munduko 14 herrialdeetako 41 zaldizkoen artean dago Mencia. "Amets bat da, betidanik nahi izan dut halako batean partea hartzea", esan digu Dubaitik erantzun dizkigun galderei. Aukeraketa prozesu luze zein "interesgarria" izan da bizkaitarrarentzat. "10 bat idatzi prestatu behar izan nituen. Zaldiekin izan dudan esperientziaz gain, nire esperientzia interkulturala kontatu behar izan diet eta gero elkarrizketa pertsonal bat egin zidaten bizi esperientzia honi aurre egiteko moduan ote nagoen jakiteko".

Menciak izan du bai zer kontatua. Zazpi urte daramatza Arabiar Emirerri Batuetan "raider" lanetan (distantzia luzeko zaldiak entrenatzen eta mota honetako lasterketetan lehiatzen). Azken bi udatan, Marokon eta Mongolian izan da AEBko Rustic Pathways konpainiarentzat lanean. Institutuko ikasleak basamortuan barrena gidatu ditu, proiektu ezberdinak garatzen.Argentinan, Uruguain eta Hego Afrikan ibili da zaldi lasterketetan. Urte guzti hauetan hainbat abentura eta une arriskutsu bizi ditu baten, ostruka batek eraso egin zion basamortuan. "Astiro-astiro atzetik etorri eta ostikoka hasi zitzaidan. Dorre batera igotzea lortu nuen, eta han izan nintzen, bi orduz, bahituta. Arropak apurtu eta beltzune ugari utzi zizkidan gorputzean, baina horrez gain, ez zitzaidan ezer gertatu", kontatu digu. "Badirudi background hau eta zaldiekin izandako esperientzia konbo perfektua izan direla nire lekua lortzeko", erantsi du.

Uma Mencia zaldiak caballos. Argazkia: Uma Mencia

Menciak Mongolian igarotako udaren argazkietako bat.

Menciarekin batera, munduko 14 herrialdeetako jokey izango dira (Australia, Austria, Belgika, Kanada, Frantzia, Irlanda, Espainia, Herbehereak, Norvegia, Zeelanda Berria, Hego Afrika, Suedia, Erresuma Batua eta AEB). Parte hartzaileen artean gazteenetakoa da bizkaitarra (17-62 urte bitartekoak dira) eta profil eta diziplina guztietako lagunak daude tartean: ikasleak, albaitariak, ingeniariak, baserritarrak, raider profesionalak, musika ekoizleak?

Abuztuaren 5tik  15era, lehia eta abentura betean

10 egunetan zehar 1.000 kilometro egin behar dituzte 41 abenturazaleok. 40 kilometroan behin zaldiz aldatu beharko dute (25-27 daude):  "Norberak topatu behar du bere zaldia, ez dago aurrez markatuta. Planoa eta GPSa dituzu eta bakarrik moldatu behar zara. Lehenengo ailegatzen denak badauka zaldia aukeratzea, baina azken bazara, gelditzen denarekin moldatu behar zara". Zaldiak Mongoliar arrazakoak dira, erdi basatiak; arriskutsuak, beraz. Aurreko lasterketetan hainbat istripu izan dira: parte hartzaile batek atzamarra galdu zuen, asko izan dira saihetsak edo hankak apurtu dituztenak, eta batek baino gehiagok lehia bide erdian utzi behar izan du, desafioari aurre egin ezinda. Menciari kontu honen inguruan galdetu diogunean lasai antzera erantzun digu: "Badago arrisku puntu bat. Askotan tokatu zaizkit ezagutzen ez nituen zaldien gainean ibiltzea, eta esperientzia arriskutsuak ere izan ditut, zaldi arriskutsuekin, baina beno, prezio bat pagatu behar duzu bizi esperientzia bat izatearren".

'Beldurra' hitza tentuz erabili du Uma Menciak bere erantzunetan. "Zerbait larria gertatuz gero, Mongoliako hiriburutik, Ulan Batorretik, zortzi ordura gaude eta zerbait grabea gertatuz gero, Hong Kongera bidali behar zaituzte, 14 ordura. Kontuz ibili beharko naiz", onartu digu.

Egun Dubain dagoen arren, Euskal Herrira bueltatzekoa da aurki Mencia. Maila fisikoari eusteko "egunero kilometro asko" egin behar dituela badaki raiderrak. Ohitua dago, Dubain 20-30 kilometro egiten ditu egunero zaldiak entrenatzen, eta asteburutan 100 km-ko lasterketetan parte hartu izan du. "The Mongol Derbyn egunean 120 km egin beharko ditugu", kontatu digu.

"Esperientzia espirituala"

Prestaketa fisikoaz gain, psikologikoa ere egiten ari da raider gaztea. "Mongoliari buruzko liburu asko nago irakurtzen, abentura honi probetxu gehiena ateratzeko irakurketa asko egiten ari naiz. Ortua prestatzen ari naiz, haziak landatu eta bertan nagoela, uzta jasotzeko. Lasterketa nagoenean gehiago ikasteko eta hobeto ulertzeko".

10 egunetan zehar bidean topatuko dituzten tribu nomadekin bizitzeko aukera izango du Menciak. "Lasterketa ez da gehien interesatzen zaidana. Uste dut esperientzia fisiko eta espirituala izango dela, ez dakit zer gertatuko den, nire muga fisikoa topatzen dudanean, beste batzuekin aritu beharko naiz, euren hizkuntza hitz egin gabe haiekin egon beharko naiz, haien etxeetan sartu. Horretarako ezin naiz prestatu", aitortu digu.

Irabazteko asmoarekin ote doan galdetuta, ezezkoa bota digu bizkaitarrak: "Ez daukat helburu bezala, aukera ikusten badut ez dut galduko baina bukatzea irabaztea izango litzateke niretzat. Ez nago lasterketa nola irabazi edo zelan egin pentsatzen, esperientzia honekin pertsona moduan hazteko eta nire barne mundua hobetzeko asmoa daukat".

Helburu filantropikoa ere badu lasterketak. Izan ere, parte hartzaile bakoitzak 1.000 libera bideratu behar ditu irabaz asmo gabeko proiektuetara. 500 libera Peruko oihana babesteko lanetan dabilen Cool Earth Gobernuz Kanpoko Erakundeari (GKE) eman behar dizkiote ezinbestean, eta beste hainbeste parte hartzaile bakoitzak aukeratzen duen proiektu bati. Dirutza Marokoko American Fondouk albaitarien erietxeari ematekotan dago Mencia. 

Uma Mencia zaldiak caballos. Argazkia: Uma Mencia

Basamortuan, zaldi gainean. Argazkia: Uma Mencia

Ereñotik mundura

12 urterekin hasi zen Uma Mencia zalditan, Zornotzako Katia zalditegian. Patuak Mongoliara arte eraman zuen orain 7 urte. "Entrenatzaile batzuk ezagutu nituen Portugalen, eta Dubaira joatea proposatu zidaten, eurekin lan egitera. Oso erromantikoa iruditu zitzaidan: zure zaldia, harea, basamortua, beduinoak?", kontatu digu.

Arabiar Emirerri Batuetan Arte Ederrak ikasten amaitu du eta Ekialde Hurbileko ikasketak ere egin ditu. Are, datorren urtean AEBra doa ikastekok jarraitzera.

"Zaldiak gauza ezberdinak egiteko ibilgailu izan dira nire bizitzan. Adibidez, zaldiengatik Dubaira etorri nintzen eta zaldiek ordaindu dituzte nire ikasketak. Zaldiek eraman naute Uruguaira, Argentinara edo Hego Afrikara, baina probetxu kolaterala  atera diot guztiari. Zaldiekin jarraituko dut nire pasio direlako, baina horrekin zer gehiago egin ahal dudan pentsatu behar dut", esan digu Menciak. Izan ere, arabiar herriarekin zorretan dagoela uste du bizkaitarrak eta egun Ekialde Hurbilean dauden arazoak ikusita, ikasketak burututa, herrialdeari emandakoa nola itzuli ahal dion pentsatzen dabil: "Gobernuz Kanpoko erakunde batekin edo Gobernuarentzat lanean, ez dakit, oraindik pentsatu behar dut", aitortu digu.

Hori baino lehen, baina, erronka polita du Menciak: The Mongol Derbyz gozatu, hainbeste maite dituen zaldien gainean, baina bere beste interesak ahaztu gabe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea