Gizartea -
Indarkeria matxista
Emakume bati eraso bortitza egin dio senarrak Bakion
Ertzaintzak ustezko erasotzailea atxilotu du, baina epaileak aske utzi du. Tratu txarren aurkako telefonoa: 016.
David Perez | eitb.eus
Hogeita hamabi urteko gizonezko batek eraso bortitza egin zion emazteari igande gauerdian Bakion (Bizkaia), alaba adingabea aurrean zela.
Ertzaintzak baieztatu duenez, ustezko erasotzailea atxilotu egin zuten, baina epaileak aske utzi zuen, hamabostean behin epaitegian agertu beharra ezarrita.
Lekukoek eitb.eus-i azaldutakoaren arabera, erasoa igande gauerdian jazo zen. Gizonezkoa etxera heldu zen, eta emaztea bortizki jotzen hasi zen. Emakumezkoarekin batera, ahizpa, bi neskato adingabe (tartean, senar-emazteen alaba) eta 18 urteko mutil bat zeuden une horretan etxebizitzan.
Erasoa hasi zenean, biktimaren ahizpak bi neskatoekin eta mutilarekin gela batean giltzapetzea lortu zuen, babesteko, eta gizonezkoak hiltzeko mehatxua egin zion.
Auzokideek Ertzaintza ohartarazi zuten, eta agenteek atxilotuta eraman zuten erasotzailea.
Biktima ospitalean artatu behar izan zuten.
Martatxori emakume elkarteak elkarretaratzea deitu du biharko (hilak 9), 20:00etan, Iru-bide aurrean.
____________________________________
Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); biak doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.