Gizartea -

Heriotza

Xavier Vinader ikerketa kazetaritzaren ikurra hil da

Kataluniako kazetaria Bartzelonan hil da 68 urte zituela pneumonia baten ondorioz. Krimen antolatuaren, eskuin muturreko taldeen eta gerra zikinaren ikerketan espezializatu zen.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xavier Vinader Kataluniako kazetaria gaur zendu da Bartzelonan 68 urte zituela, Kataluniako Kazetarien Elkargoak jakitera eman duenez. Pneumonia baten ondorioz hil da. Ikerketa kazetaritzan espezializatu zen eta adierazpen askatasunaren ikur bat bihurtu zen Espainiako Trantsizioan.

Sabadellen jaio zen, 1947an. 1973an, Kazetaritza Eskola Ofizialean diplomatu zen eta 1978az geroztik Zeta taldearen zuzendaritzako kidea izan zen. Gainera, 1993ra arte Mugarik Gabeko Kazetarien presidentea izan zen.

La Vanguardia, Europa Press, El Correo Catalan, Tele/eXpres eta Mundo Diario-ko berriemailea izan zen, eta baita Por Favor, Primera Plana edo Interviu aldizkarietako erredaktorea ere, besteak beste.

Ibilbide profesionalaren hasieratik Vinader krimen antolatuaren sareetan espezializatu zen. Horrela, Espainiako Trantsizioan eskuin muturreko taldeak eta gerra zikina ikertu zituen.

Zazpi urteko espetxe-zigorra

1979an Euskadiko talde ultren inguruko bi erreportaje argitaratu zituen. Ondoren artikuluetan aipatutako bi pertsona hil zituen ETAk. Vinader auzipetu eta 1981ean Auzitegi Nazionalak zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri zion arduragabekeria larri profesionalagatik.

Auzitegiek zigortu eta gero, Xavier Vinaderrek erbestera ihes egin zuen eta 1984ra arte ez zen Espainiara itzuli. Carabancheleko espetxean ia hiru hilabete eman zituen eta PSOEren Gobernuak indultua eman zion.

Erreportari bezala Afganistango eta Krabelinen Iraultza (Portugal) gatazken berri eman zuen Vinaderrek, besteak beste. Mafia, sekta, krimen antolatu eta talde terroristen inguruko dozenaka artikulu idatzi zituen. 1999an Operacion lobo: memorias de un infiltrado en ETA liburua argitaratu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken albisteak Bartzelona argazkiak Kazetaritza gaur