Gizartea -
Gertakaria
Haur baten heriotza ikertzen ari dira Basurtun, meningitisa zuelakoan
Sukar handia zuela artatu zuten, baina etxera bidali zuten. Berriro eraman zuten, baina frogak egin ostean,etxera bidali zuten. Hirugarren aldian hil zen, eta meningitisa ote zuen ikertzen ari dira.
erredakzioa
Basurtuko erietxean duela astebete hil zen bi urteko neskato baten heriotza ikertzen ari da Bilboko Instrukzio Epaitegia.
Apirilaren 6an joan ziren lehen aldiz gurasoak Basurtuko erietxeko larrialdietara, haurrak sukar handia zuela eta. Bertan artatu eta etxera bidali zuten. Biharamunean, sukarra jaisten ez zitzaiola ikusita, anbulatorioko pediatrarengana eraman zuten, eta handik, bigarrenez, Basurtura. Hainbat froga egin zizkioten haurrari, eta berriro bidali zuten etxera.
Haurrarekin larrialdietara joan ziren hirugarren aldian haurra hil zorian zegoen, eta ordu gutxira hil zen, erietxean.
Haurrak meningitisa zuelakoan dira orain, eta gurasoek auzibidean jarri dute alabaren heriotza.