Gizartea -

Agurra

Gora Gasteiz plataformak jai giroan eman dio amaiera bere ibilbideari

Herri plataformak hainbat ekitaldi antolatu ditu. Gora Gasteiz duela hilabete batzuk sortu zen, Javier Maroto alkateak egindako adierazpen xenofobo batzuen harira.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Aniztasunaren alde lan egiteko deia egin du Gora Gasteizek

1:36

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gora Gasteiz plataformak jaigiroan emango dio amaiera bere ibilbideari. Hala, gaurko hainbat ekitaldi antolatu dituzte.

6.000 lagun inguruk parte hartu dute 13:15ean Gasteizko Foruen plazatik irten eta 14:40ak aldera Andre Maria Zuriaren amaitu den kalejira koloretsuan. Aldarrikapen martxa jendetsua izan da eta, antolatzaileen arabera, horrek erakusten du gasteiztarrek "hiri anitza" nahi dutela.

"Gasteiztarrek erantzun argi eta izugarria eman dute eta eskubide sozialak dituen gizarte anitza aldarrikatu dute. Gure balorazioa oso positiboa da", adierazi du Esther Perez Gora Gasteiz plataformako kideak.

Aurrez, plataformako kideek ekitaldia egin dute eguerdian Matxete plazan.

Aipaturiko ekitaldiez gain, xenofobiaren aurkako beste hainbat ekintza antolatu ditu Gora Gasteizek. Horrela, 18:00etan Foru Plazan ekitaldiak izan dira, kolektiboak agiri batean jakitera eman duenez.

Herri plataformak asteburuan amaitutzat emango du bere jarduna. Duela bost hilabete inguru sortu zen Gora Gasteiz, Javier Maroto Gasteizko alkateak etorkinei buruz egindako adierazpen xenofoboei erantzuteko. Orduan, "laguntza sozialen kontura bizitzea" eta lanik egin nahi ez izatea eta gizartean integratu nahi ez izatea egotzi zien Javier Maroto Gasteizko alkateak jatorri magrebiarreko etorkinei.

Plataformak salatu duenez, alderdien interesek bizikidetza asaldatu dute. "Beren eskura duten botere guztia baliatzen dute hiria bazterkeriaren, arrazismoaren, indibidualismoaren eta gizarte konfrontazioaren bidetik eramateko", gaineratu du.

Arabako gizarte, hezkuntza zein kultura alorreko hainbat norbanakoren zein kolektiboren babesa jaso du Gora Gasteizek.

Bestalde, aste honetan jakin ahal izan denez, Euskal Herriko sindikatu nagusiek eta 12.000 langile ordezkatzen dituzten 40 enpresa batzordek babesa eman diote xenofobiaren kontrako eta aniztasunaren aldeko manifestuari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteiz