Gizartea -
EUROSTAT
Estatu Espainiarra da EBn eskola-porrotik handiena duen herrialdea
Eurostatek gaur zabaldutako datuen arabera, 18 eta 24 urte arteko gazteen % 21ek goizegi uzten ditu ikasketak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Estatu Espainiarra da EBn eskola-porrotik handiena duen herrialdea, Eurostat EBko estatistika bulegoak gaur kaleratu duen txostenaren arabera. Bertan jasotzen denez, 18 eta 24 urte arteko gazteen % 21ek goizegi uzten ditu ikasketak, gehienez ere Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloa amaituta. Europako batez bestekoaren (% 11,1) bikoitza da Espainiako datua. 2020rako eskola-porrota gehienez % 15ekoa izatea da Espainiak duen helburua.
2006an eskola-porrota % 30,3koa zen Espainian, 2013an % 23,6koa eta 2014an, esan bezala, % 21,9koa. Iazko datuei erreparatuta, eskolan porrot egin zuten gazteen % 25,6 gizonezkoak ziren eta % 18,1 emakumezkoak.
Espainiaren atzean, Malta (% 20,4), Errumania (% 18,1), Portugal (% 17,4) eta Italia (% 15) dira zerrenda horretan ageri diren hurrengo herrialdeak. Beste muturrean daude Kroazia (% 5,4), Txekiar Errepublika (% 5,5) eta Lituania (% 5,9).
EBko herrialde handienei dagokienez, Frantzian eskola-porrota % 8,5ekoa da, Alemanian % 9,5ekoa eta Erresuma Batuan % 11,8koa.
Unibertsitate ikasketak amaitzen dituztenei buruzko datuak ere kaleratu ditu Eurostatek. Estatu Espainiarreko 30 eta 34 urte arteko emakume eta gizonen % 42,3k du unibertsitate titulua edo parekoa (emakumeen % 47,8k eta gizonen % 36,8k). Helburua 2020rako % 44ra iristea da.