Gizartea -
Itxialdia egin nahi zuten
Ertzainek lankideak atera dituzte Erandioko polizia-etxetik
Ehunka ertzainek manifestazioa egin dute asteazken honetan. Martxa Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik, Bilboko Kale Nagusitik, abiatu eta Erandioko polizia-etxean bukatu da.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzainek lankideak atera dituzte Erandioko polizia-etxetik, ERNE sindikatuak jakitera eman duenez. Sindikatuek deituta, itxialdia egin nahi zuten ertzainek komisaria zentralean.
Ehunka ertzainek (700, antolatzaileen arabera) oinez martxa egin dute. Protesta Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik, Bilboko Kale Nagusitik, abiatu eta Erandioko polizia-etxean bukatu da. Ertzainen lan baldintzak negoziatzeko mahaian esertzea eskatu diote Segurtasun Sailari.
Martxa ERNE, Esan, ELA, Sipe eta Euspel sindikatuek deitu dute. Manifestazioak bi orduko iraupena izan du. Martxa komisariaren aurrean bukatu da eta ertzainek elkarretaratzea egin dute bertan. Ertzaintzaren antolamendu berriaren aurka protesta egin dute manifestariek, “Urruntasuna eta kaosa” lelopean.
Ondoren, 20 bat manifestari eta ordezkari sindikalak komisarian sartu dira itxialdia egiteko eta minutu batzuk geroago polizia-etxetik ateratzeko eskatu diete ertzainek.
Hala ere, polizia-etxeko Giza Baliabideen zonaldera sartu dira ertzainak. Zuzendaritzari negoziatzeko eskatu diote berriro bertan. Instalazioetatik ateratzeko eskatu diete berriz lanean ari ziren lankideek. Protesta istilurik gabe amaitu da.