Gizartea -
Epaimahaiaren erabakia
'Shaolin faltsua' erruduntzat jo dute, baina ez diote basakeria egotzi
Ada Otuyaren kasuan, herri-epaimahaiak ez dio "basakeria" egotzi Aguilarri. Errutasun erabakia aho batez hartu dute.
EITB.EUS
Jose Antonio Aguilar 'shaolin faltsua' erruduntzat jo du zinpeko epaimahaiak Maureen Ada Otuya eta Sofia Rebollo azpikeriaz hiltzeagatik. Hala ere, Ada Otuyaren kasuan, herri-epaimahaiak ez dio "basakeria" egotzi Aguilarri.
Erruduntasun erabakia aho batez hartu dute epaimahaiko bederatzi kideek. Bestalde, zazpik ez dute basakeria frogatutzat eman eta bik, ordea, bai. Berediktoa gaur arratsaldean adostu dute epaimahaiko kideek. Atzotik izan dira eztabaidatzen. Orain, Aguilarri ezarriko dioten zigorra ebatzi beharko du Manuel Ayo epaileak.
Aho batez, zinpeko epaimahaiak frogatutzat eman du shaolin faltsuak bi emakumeak hil zituela, eta ez ziela defendatzeko aukerarik eman. Horregatik, emakumeak azpikeriak hiltzea egotzi dizkiote.
Horrez gain, zigorra betetzen duen bitartean espetxe-onurarik ez izatea eskatu du epaimahaiak aho batez.
Ada Otuyaren kasuan, epaimahaiak ebatzi du ez zuela basakeriaz hil, eta horrek berebiziko garrantzia du zigorra erabakitzeko orduan. Basakeriaz egin zuela ebaztekotan, zigorra 30 urteko izango litzateke. Aldiz, ankerkeria atzeman ez dutenez, shaolin faltsuak gehienez 20 urte emango ditu espetxean.
Epaiketa
Lehenengo ahozko saioan, gezurrezko monjeak aitortu egin zuen Maureen Ada Otuya eta Sofia Rebollo hil zituela azpikeriaz, 2013ko ekainean, Bilbon zuen gimnasioan.
Gizonak bi emakumeak torturatu zituen hainbat orduz, hil arte; eta Jenny Sofia Rebolloren kasuan, zatikatu eta organoak kendu zizkion.
Epaiketan, Aguilarrek ez zuen, ordea, ankerkeriaz jokatu izana onartu.
Zigor eskaerak
Ministerio Publikoak 40 urteko kartzela-zigorra eskatu du gezurrezko monjeak bi hilketak azpikeriaz egin zituela iritzita, baina ez du ankerkeriarik ikusten.
Cara Campoamorrek ordezkatzen duen akusazio partikularrak, biktimen eta herri akusazioaren izenean, 45 urteko zigorra eskatzen dute, ankerkeria larrigarria antzematen dutelako.