Gizartea -

Isuria Kanarietan

Fuel-olioa Tenerifera eta Gomerara iritsi dela ohartarazi du WWF-k

Erakunde ekologistak salatu duenez, "Oleg Naydenov" ontziaren isuria Kanaria Handitik mendebaldera mugitu da. Hori dela eta, zonaldeko natura babesteko neurriak eskatu ditu.

Isuria zaintzen ari da Kanarietako Gobernua. Argazkia: EFE
Isuria zaintzen ari da Kanarietako Gobernua. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fuel-olioko orbanak Tenerifeko eta Gomerako uharteetara heldu dira, WWF erakunde ekologistak gaur jakinarazi duenez.

Isuriaren egoera aztertzeko eta balizko animali kaltedunak bilatzeko asmoz, zaintza-operatiboa abiarazi du Kanarietako Gobernuak. Zonaldea helikopteroz behatu dute, eta bidaia horretan WWF-ko hainbat teknikari ere izan dira.

WWF-k ohar baten bidez azaldu duenez, haizearen norabidea aldatu da, orain ipar-mendebaldetik jotzen du, eta horrek fuel-olioko orbanak mendebaldeko uharteetara eraman ditu. Hori dela eta, zonaldeko natura-aberastasuna babesteko neurriak eskatu ditu.

"Okerrena ez dago jada Kanaria Handian, Tenerifen eta Gomeran baizik, orbanak kostaldeetatik oso gertu baitaude", azaldu du Alexis Rivera WWF-ko teknikariak.

WWFren arabera, Tenerifeko hego-ekialdea eta Gomerako hego-mendebaldea itsas-aniztasunik handiena duen zonaldeetako bat da Kanarietan, eta Red Natura 2000k babestuta dago. Zetazeoak, dordokak eta itsas-hegaztiak, besteak beste, daude bertan.

Itsasotik orbanak kentzeko ahaleginak areagotzeko eta baliabideak bikoiztea eskatu du WWF-k, eta hondoratutako ontzitik erregai guztia ateratzeko eskatu dio Sustapen Ministerioari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea