Gizartea -
Alerta farmazeutikoa
Umeentzako ibuprofeno lote bat erretiratu dute, Kern Pharma etxekoa
H05 zenbakidun lotea kendu dute merkatutik, eta osasunerako arriskurik ez dagoela nabarmendu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Kern Pharma etxeko Ibuprofeno lote bat (40 mg/ml-koa, ahotik hartzekoa) merkatutik ateratzeko agindua eman du Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak.
Agentziak azken orduotan bidalitako alerta farmazeutikoaren arabera, H05 lotea da erretiratu beharrekoa, Farmasierra laborategiak 150 ml-ko potetan merkaturatutakoa.
Konpainia farmazeutikoak adierazi duenez, lote horretako produktua kontsumitzea ez da osasunerako arriskutsua, baina osasun agintariek "ezarritako zehaztapenak" ez zituela betetzen ondorioztatu dute sendagaiei egiten zaizkien ohiko kontroletako batean.
Baimendutakoa baino legamia gehiago du erretiratutako loteak. Konpainiaren arabera, "legamia ez da patogenoa, eta ez da osasunerako arriskutsua".
Farmaziei eta farmazialariei bidalitako oharrean, produktua nora bidali behar duten azaldu die Kern Pharmak. Era berean, 902 50 25 00 telefono zenbakia jarri du kontsumitzaileen zalantzak edo kezkak argitzeko.