Gizartea -
Gertakaria
Polizia batek airera tiro egin du Nafarroako Ospitalean
Atxilotu bat ospitalera eraman dute medikuek artatzeko. Polizia nazionala mehatxaturik sentitu da eta pistola atera du. Antza denez, guraize batzuekin mehatxu egin die atxilotuak poliziei.
Agentziak | Erredakzioa
Polizia nazional batek airera tiro egin du gaur Nafarroako Ospitalearen Larrialdi zerbitzuan. Ez da inor zauritu. Atxilotu bat ospitalera eraman dute medikuek artatzeko. Polizia nazionala mehatxaturik sentitu da eta pistola atera du.
Larrialdietako itxarongelan zeuden pertsonak ikaratu ditu gertakariak. Horrela, kalera atera dira Polizia Nazionaleko, Foruzaingoko eta Iruñeko Udaltzaingoaren errefortzuak heldu arte.
Nafarroako Gobernuak agiri batean jakitera eman duenez, gertakaria 17:00ak aldera jazo da. Atxiloturik zegoen pertsona bat bilurrak ipinita zaintzen ari ziren polizia nazionalak. Atxilotua Larrialdietako kontsultategi batean artatzen ari ziren, aurpegian jostura puntuak behar zituelako.
Une horretan, atxilotuak guraize batzuk bereganatu ditu eta poliziei mehatxu egin die. Orduan polizietako batek pistola atera eta airera tiro egin du.
Larrialdietan zeuden beste pazienteak artatzeko atzerapena eragin du gertakariak.