Gizartea -
Maula
'Pintaturiko dirua'rekin egindako iruzurraz ohartarazi du Ertzaintzak
Horrela, Bilbon, Eibarren edo Irunen diru asko bereganatu dute maula-egileek. Ongi jantzita agertzen dira eta “negozio gizonen itxura” dute.
Agentziak | Erredakzioa
‘Pintaturiko billete’ekin egindako maula gehiago izan direla ohartarazi du Ertzaintzak ostiral honetan. Bilbon, Eibarren edo Irunen diru asko bereganatu dute maula-egileek, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Horregatik, “ez fidatzeko eta susmo guztiak salatzeko” eskatu die Ertzaintzak herritarrei. Poliziak azaldu duenez, “ustezko maula-egileek biktima posiblea aztertzen dute; izan ere, biktimek auto bat, etxebizitza bat edo antzeko ondasun baliotsu bat salmentan jartzen dute”.
Iragarkia ikusi eta gero, saltzailearekin harremanetan jarri eta erosteko borondatea azaltzen dute, “beti ere ‘pintaturiko’ dirua erabiliz”. “Dirua beste herrialde batzuetatik ekartzen dute lapurrek eta likidoekin ‘garbitzen’ dute”, erantsi duenez.
Horrela, biktimak benetako diruarekin ‘pintaturiko billeteak” bereganatzeko konbentzitzen dituzte. “Pintura kentzeko” likidoak ere saltzen dizkiete, baina “diru kopuru askoz handiago baten truke”, noski, Ertzaintzak azpimarratu duenez.
Maula-egileak Afrikako bi pertsona izan ohi dira, ongi jantzita azaltzen dira eta “negozio gizonen itxura” dute.