Gizartea -
Algortan
Edanda zihoan gazte bat atxilotu dute Getxon, istripu bat izan ostean
Gidaria 22 urteko madrildarra da eta 0,92ko alkohol-tasa izan du; hori dela eta, atxilotu egin dute, erakusleiho baten kontra talka egin ondoren. Ordu horretan -10:00etan- jende asko zegoen kalean.
Agentziak | Erredakzioa
Poliziak Madrilgo gazte bat atxilotu du gaur, igandea, baimendutako gehienezko alkohol-tasa gainditzeagatik, zeraman autoarekin Algortako (Getxo, Bizkaia) denda baten aurka talka egin eta gero, Udaletik zabaldu dutenez.
Istripuaren ondorioz, autoan zihoazen bost pertsonetatik bi Gurutzetako Ospitalera (Barakaldo) eraman dituzte, zenbait zauri arinekin, eta gainerako hirurak bertan artatu dituzte.
Istripua 10:00ak aldera jazo da; autoa semaforo batetik abiatu da, abiadura handian eta irrist egiten zegoela.
Orduan, errepidetik atera eta espaloira igo da, arropa denda baten erakusleihoaren kontra talka eginda, Algortako Etorbidea eta Telletxe kalea gurutzatzen diren lekuan.
Autoak arropa denda baten kontra talka egin du. Iturria: Pedro Uribarri
Gidaria 22 urteko madrildarra da eta 0,92ko alkohol-tasa izan du; hori dela eta, atxilotu egin dute, erakusleiho baten kontra talka egin ondoren. Ordu horretan -10:00etan- jende asko zegoen kalean.
Garabi batek atera behar izan du autoa bertatik, ez atzera ez aurrera egin ezinik geratu baita. Halaber, espaloira jausitako gasolina ere garbitu behar izan dute.