Gizartea -
Herri Urrats, igandean
Paxkal Indo: 'Eguraldiaren mende dago euskararen egoera Iparraldean'
Herri Urrats igandean ospatuko dela eta, “Faktoria” Euskadi Irratiko saioan elkarrizketa egin diote Paxkal Indo Seaska Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikastolen elkarteko presidenteari.
N.V. | eitb.eus
Paxkal Indo Seaskako presidentea elkarrizketatu dute gaur “Faktoria” Euskadi Irratiko saioan, Herri Urrats igandean ospatzeko atarian. Senpereko jaiak eta bertan bildutakoak Seaskaren urte osoko funtzionamenduan duen eragina azpimarratu du Indok solasaldian, eta, jaia ondo edo txarto atera, elkartearen baliabideetan alde handia egoten dela esan du. Horregatik, “eguzkiak edo euriak baldintzatzen dute urte osoko gure lana”, esan du.
3.300 ume eskolatu eta euskalduntzen dituen sarearen arduradun nagusiaren iritziz, Seaska “Iparraldean euskararen trenari aurrera egiten laguntzen dion lokomotora” da, eta horregatik da garrantzitsua inguru osoarentzat Herri Urratsen bildutako dirua, ezinbestekoa.
Oso grafiko eta gordinki azaldu du Indok Herri Urratsek ikastolen finantzazioan duen pisua: “Iparraldeko euskararen egoera eguraldiak baldintzatzen du; Herri Urrats euritsu batekin diru gutxiago lortzen dugu, eta, diru gutxiagorekin, euskararen aldeko politika aurrera ateratzea zailagoa izango da”.
Kaskarotenea Ziburuko ikastola
Maiatzaren 10eko hitzorduak, gainera, berebiziko garrantzia izango du Ziburuko ikastolarentzat. Udalak alkatearekin arazo handiak izan eta gero –elektrizitatea ere moztu zieten– lur zati berri bat erosi beharko dute Lapurdiko herrian, “ikastola minimo bat” eraikitzeko.
Ziburun ikastola berri hori eraikitzeko, “400.000 – 450.000 euro beharko ditugu, gutxi gorabehera; 300.000 lurra erosteko eta 150.000 bat bertan bungalow batzuk jartzeko”, esan du Indok, “eta ez daukat duda izpirik ere lortuko dugula”.
Ikastola berriak, Biriatu, Basusarri eta Azkaraten
Halaber, udalekin akordio berriak lortuta, ikastola berriak zabalduko dituzte aurki Biriatun, Basusarrin eta Azkaraten. Horrek argi erakusten du, Indoren ustez, “gurasoak eta militanteak badirela eta badela nahikari bat” Ipar Euskal Herrian euskaraz ikasteko, aurretik Seaskak sekula ez baititu urtebetean hiru ikastetxe zabaldu.
Laguntza ekonomikoa
Igandean bertaratu ezingo duenak etxetik lagundu ahalko du, antolatzaileek hiru kontu korronte eta Paypal bidez dirua emateko plataforma jarri baitituzte herritarren esku. Indok laguntza guztiak eskertu ditu: “Handia sustengatzen gaituztenen laguntza, eta ez dago emari txikirik. Seaskaren bizia taloz talo egin da, eta guk erakutsi dugu gai garela 3 euro hartzeko lanean jartzeko. Hartara, laguntza guztiak eskertzen ditugu”, bukatu du Indok.