Gizartea -
EGURALDIA
30 gradurainoko tenperaturak gaur Euskal Herrian
Eguzkia nagusituko da eskualde ia guztietan. Haizeak hegotik joko du, eta horrek tenperaturen bat bateko gorakada ekarriko du, batez ere, Kantauri isurian.
EITB.EUS
Bero egingo du gaur Euskal Herri osoan; giro eguzkitsua eta tenperaturen gorakada handia iragarri du gaurko Euskalmet euskal meteorologia agentziak. 25 graduko muga aise gaindituko dute termometroek, eta zenbait lekutan, maximoak 30 gradukoak izango dira. Hegotik joko du haizeak eta, batez ere, Kantauri isurian tenperaturek bat-batean egingo dute gora. Barnealdean hego-ekialdeko haizea harro ibiliko da eta kostaldean ekialdetik joko du haizeak. Egunaren amaieran bero-hodeiak garatuko dira, baina euria egiteko aukera oso txikia da.
Ostiralean ezegonkortasuna handiagoa izango da eta egunaren hasieratik giroa nahasia izango da. Zeruan hodei ugari agertuko dira, batez ere, arratsaldean. Goizaldean baliteke han-hemenka zaparradaren bat botatzea, baina arratsaldean izango da handiagoa euria egiteko aukera, batez ere Pirinioetan; zaparrada txikiak espero dira, orokorrean
Hego-mendebaldeko haizea bizi ibiliko da egunaren hasieran, eta arratsaldean iparraldera aldatu eta ahuldu egingo da. Isurialde atlantikoan baliteke tenperatura 10 gradura jaistea. Barnealdean beherakada ez da hain handia izango. Goizaldea epelagoa izango da.
Larunbatean alde handia egongo da hegotik iparrera; isurialde atlantikoan zerua estalita egotea espero da egunaren hasieran eta baliteke goizean zirimiri apur bat egitea. Arratsaldetik aurrera saretuz joango da eta egunaren amaieran ostarteak gailenduko dira zeruan. Hegoaldean, berriz, zerua ia garbi egongo da: goizean goiz, hodeiren batzuk agertuko dira tarteka, baina ateri eutsiko dio. Iparraldeko haizea dela eta, tenperatura gradu pare bat jaitsiko da eta maximoak 20 gradutik behera kokatuko dira, Nafarroako hegoaldean izan ezik.
Eta asteburuari amaiera emateko, giro eguzkitsuarekin esnatuko da igandea. Uda sasoiko giroa izango da protagonista egun osoan, haizeak hegotik joko du eta 27 gradurainoko tenperaturak izango dira.