Gizartea -

Haur pornografia

Polizia bat atxilotuta, haurrekin bideo pornografikoak grabatzeagatik

Poliziak pornografiako material ugari topatu du atxilotuaren etxebizitzan.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak polizia inspektore bat atxilotu du Madrilen, haur pornografiako materiala izatea eta adin txikikoekin bideo pornografikoak grabatzea leporatuta. Polizia iturrien arabera, urtarrilean haur pornografia kontsumitzeagatik inputatu zuten.

Ostegunean atxilotu zuten gizonezkoa eta atzo gelditu zen epailearen esku.

Alacanten lanean zegoen polizia batek haur pornografia kontsumitzen zuela jakinarazi zion pedofilo batek Espainiako Poliziari eta urtarrilean ikerketa bat abiatu zuen Poliziak.

Leporatzen ziotena aitortu zuen polizia inspektoreak eta inputatu egin zuten. Dena den, gizonezkoa ikertzen jarraitu zuten.

Poliziak berri eman duenez, haur pornografia kontsumitzeaz gain, gizonezkoak bideoak grabatzen zituen adin txikikoekin eta horietako batzuetan berak parte hartzen zuen.

Antza denez, atxilotuak dirua edo opariak eskaintzen zizkien adingabeei.

Poliziak atxilotuaren etxebizitza miatu zuen eta pornografiako eduki ugari topatu zituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea