Gizartea -

Europar Batasuna

Nekazaritza ekologikoaren oinarriak adosten saiatuko da EB

Irizpideak bateratu eta hazten ari den nekazaritza mota honen garapena bultzatzeko neurriak hartu behar dituzte Nekazaritza ministroek.

Hego Koreako emakume bat te-sail batean. EFE
Hego Koreako emakume bat te-sail batean. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nekazaritza ekologikoaren oinarri bateratuak adosten saiatuko dira Europar Batasuneko (EB) Nekazaritza ministroak. Zenbait gairen inguruan desadostasunak daude 28 herrialdeetako kideen artean, besteak beste, produktuen kontrolaren eta debekatutako produktuekiko tolerantzia mailaren inguruan.

Eskaria hazten doan heinean, gero eta gehiago dira nekazaritza ekologikoaren ekoizleak. Hala, irizpideak bateratu eta eredu hau bultzatu nahi du Europar Batzordeak. Bidea, baina, ez da erraza izango. Bruselak ezarritako abiapuntua "lar zurruna" dela uste dute herrialde batzuek, eta nekazaritza ekologikoa bera arriskuan dago, beste batzuen ustez.

Espainiako Estatuak 1,6 milioi hektarea ditu mota honetako nekazaritzara bideratuta. Irizpide bateratu batzuk ezartzearen alde daudenetako bat da, honenbestez. Europar Batasun osoan kontrol eta tolerantzia maila berak ezarri eta kontsumitzaileari gutxieneko berme batzuk ezartzearen aldekoa da.

Ustiapenei ezarritako kontroletan, adibidez, iritzi kontrajarriak daude herrialdeen artean. Espainiako Gobernuaren ustez, esaterako, urterokoak behar dute izan; iparraldeko herrialdeen (Alemania edo Suedia, esaterako) aburuz, ordea, malguagoak izan beharko lukete.

Europar Batasunetik kanpo egin eta zigilu ekologikoa jasotzen duten produktuen inportazioa ere arautu behar da, 28 herrialdeen ustez. Gaur egun indarrean dagoen sistema "oso orokorra" da, EBko adituen arabera.

Phil Hogan Nekazaritza komisarioak ekainera arteko epea ezarri du akordioa lortzeko. Dena dela, inor gutxik espero du hori betetzea, Europako Kontseiluak ez du jarrera bateraturik ezarri eta Europako Parlamentuan ez dute eztabaida hasi ere egin.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Batasun europarra Ekologia azken ordukoa