Gizartea -

Donostia

Betiseko zaleei jipoia emateagatik akusatutako lagunak, absolbituta

2013ko martxoaren 3an izan zen erasoa, Realaren eta Betisen arteko partidaren aurretik. Jipoitutako zaleek ezin izan zituzten akusatuak identifikatu.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Absolbitu egin dituzte Betis taldeko hiru zaleri Donostian jipoia emateagatik akusatutako lau lagunak. Anoeta estadioaren inguruetan izan zen erasoa, 2013ko martxoaren 3an, Realaren eta Betisen arteko partidaren aurretik. Jipoitutako zaleek ezin izan zituzten akusatuak identifikatu, 15 lagunetik gorako talde bateko kideen artean.

Donostian egin duten epaiketan, Fiskaltzak bertan behera utzi ditu inputatuen aurkako akusazioak, auziaren gertuko iturriek EFE agentziari adierazi diotenez. Akusatuek ukatu egin dute erasoan parte hartu izana, eta biktimek, berriz, ezin izan dituzte akusatuak identifikatu.

2013ko martxoaren 3an izan zen erasoa, 19:20an. Biktimak Anoeta estadiotik gertuko taberna batean zeuden, eta hamabost bat lagunek eraso egin zieten, bufandak ikusita Betiseko jarraitze zirela ikusi ostean, Fiskaltzaren esanetan. Horren arabera, edalontziak jaurtiki zizkieten, "ostikadak eta ukabilkadak" eman zizkieten, eta lurrera bota zituzten. Jarraitzaileetako batek buruan jaso zituen ostikadak, eta konortea galdu zuen; beste bati zauria egin zioten bekainean, eta beste batek, berriz, ukabilkada jaso zuen begian.

Hasieran, hiru urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorra, hainbat isun eta 24 egunez lokalizatuta egotea eskatzen zuen Ministerio Publikoak. Epaiketan zehar, baina, Fiskaltzak bertan behera utzi du akusazioa, froga faltagatik, eta epaileak absolbitu egin ditu akusatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia argazkiak Anoeta-Reale Arena