Gizartea -

Ikerbasque

Epilepsiak neurona berrien sorkuntza murrizten duela egiaztatu dute

Achucarro zentroan lanean diharduten Amanda Sierra eta Juan Manuel Encinas Ikerbasqueko ikertzaileek hipokanpoko ama-zelulen ezaugarri berri bat aurkitu dute saguetan.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroan lanean diharduten Amanda Sierra eta Juan Manuel Encinas Ikerbasqueko ikertzaileek hipokanpoko ama-zelulen ezaugarri berri bat aurkitu dute saguetan epilepsia eredu bat erabiliz.

Lana Cell Stem Cell aldizkari ospetsuan argitaratu dute, eta hari esker, epilepsiak neurona berrien sorkuntza murrizten duela egiaztatu dute.

Hipokanpoa garuneko egitura nagusietako bat da, eta bertako ama-zelulak neurona berriak sortzeaz arduratzen dira ugaztunen helduaroan, baita gizakietan ere, zenbait ikasketa motatan eta antsietatearen eta estresaren aurkako erantzunetan parte hartuz.

Astrozito erreaktiboak

Horrela, saguetan epilepsia eredu bat erabiliz, ikertzaileek frogatu dute hipokanpoko ama-zelulek neurona berriak sortzeari utzi eta astrozito erreaktiboak bihurtzen direla. Zelula mota honek hantura sustatu eta neuronen arteko komunikazioa aldarazten du.

Gainera, ikertzaile hauek egindako aurreko lan baten hipotesia berresten lagundu du ikerlanak. Hipotesi horren arabera, hipereszitazio neuronalak, konbultsiorik ez eragin arren, ama-zelulen aktibazio masiboa sustatzen du, baita akidura goiztiarra ere, eta ondorioz, hipokanpoko neurogenesia (neurona berrien sorkuntza) kronikoki murriztuta geratzen da.

Lana esperimentazioko animaliekin egin bada ere, aurkikuntza honek ageriko ondorioak ditu praktika klinikoan eta epilepsiaren aurkako terapia berriak garatzeko orduan, neurona berrien sorkuntza (neurogenesia) hipokanpoan errotutako epilepsiek negatiboki eragiten dioten prozesua baita.

Lankidetza

Proiektu garrantzitsu honetan Houstoneko (AEB) Baylor College of Medicine, Lovainako (Belgika) Unibertsitate Katolikoa, Achucarro zentroa eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzaileek parte hartu dute.

Amanda Sierra (Madril, 1977) eta Juan Manuel Encinas (Madril, 1976) Euskadira 2011n etorri ziren bi ikertzaile gazte dira. Biak ala biakikerketa honen egileak dira. Achucarro zentroa 2012an eratu zenetik lanean ari dira, eta EHUko Neurozientzia Saileko ikerketa arloko laguntzaile akademikoak ere badira, Leioan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea