Gizartea -

Madril

Aske geratu da Madrilgo haurtzaindegian bahitua zegoen haurra

Antza denez, bahitzaileak ez du harremanik umearekin. Kuter bat eskuan zeramala sartu da gizona haurtzaindegian, eta ume bat bahitu, bere burua entregatu aurretik.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

10:30etik Colmenar del Arroyoko (Madril) haur-eskola batean bahituta zegoen bi urteko haurra libre utzi du, 15:00ak baino lehentxeago, bahitzaileak. Gizonak Guardia Zibilaren esku utzi du bere burua, eta atxilotuta eraman dute.

Haurra onik dago, baina ama artatu behar izan dute antsietate krisiak jota, Madrilgo Erkidegoko Larrialdi Zerbitzuek jakitera eman dutenez.

Arratsaldeko hiruak baino lehentxeago geratu da haurra libre, Guardia Zibilaren negoziatzaileek bahitzailea konbentzitu ostean.

50 urteko gizonezkoa, Alejandro B., Colmenar del Arroyokoa da, eta atxilotu egin dute, haurra askatu duen unean.

Oraingoz ez dute argitu gizonak zergatik egin duen bahiketa; izan ere, bahitzaileak ez du inolako harremanik haurrarekin.

Alejandro B. 10:30 aldera sartu da La Olma eskolan, jarrera erasokorrarekin, eta ez die irakasleei eta haurrei ateratzen utzi, arma zuri batez mehatxu eginez.

Gero, guztiei eman die ateratzeko baimena, baina bi urteko haur bat atxikita izan du, eta telebista kamerak bertaratzeko eskatu du.

Guardia Zibilaren hainbat patruila eta negoziatzaileak joan dira, psikologoekin batera.

Negoziatzaileak izan omen dira, azkenean, bahiketa bertan behera uzteko eta bere burua entregatzeko konbentzitu dutenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea