Gizartea -
Gertakaria
Anaia eta arreba hil ditu gizon batek Las Palmasen, tiroz
Eskopeta batekin tiro egin die erasotzaileak. Poliziak atxilotu egin du.
Agentziak | Erredakzioa
Anaia eta arreba hil ditu, ustez, gizon batek Las Palmas Kanaria Handikoan, 112 larrialdietarako zerbitzuak eta Espainiako Poliziak jakinarazi dutenez.
Agenteek ustezko erasotzailea atxilotu dute goizean, eta tiroak egiteko erabili omen duen eskopeta atzeman diote, Kanarietako Poliziak zehaztu duenez.
Bi tiroketa izan dira: aurrenekoa Almatriche auzoan izan da, 07:40an. Lekukoen arabera, gizonezko batek emakume bati tiro egin dio auto batetik. Emakumea Doctor Negrin ospitalera eraman dute anbulantzian, oso larri. Bertan hil da.
07:55ean, berriz, Jinamar auzoan beste tiroketa bat izan da. Gizonezko berak autoz zihoan beste gizonezko bat tirokatu du. Oraingo honetan, bertan zendu da biktima.
Hildako anai-arrebek 42 eta 47 urte zituzten. Ustezko erasotzaileak, berriz, 49.
Espainiako Poliziak ikerketa abiatu du gertakariaren nondik norakoak argitzeko.