Gizartea -
30. urteurrena
'Arazo gisa ikusten zenari konponbidea eskaini zion Gizakia Helburuk'
Urkullu lehendakariak erakundearen lana goraipatu du. Gaur egun, droga menpekotasun arazoak dituzten 413 pertsonari eskaintzen die arreta EAEn.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskadiko Gizakia Helburu elkarteak 30 urte bete ditu aurten, eta agintarien zein eragileen esker ona jaso du. Iñigo Urkullu lehendakaria ere bertan izan da eta erakundearen lana goraipatu du. Horren esanetan, "duintasuna itzuli" die laguntza eskaini dien pertsonei eta "gizarteak arazoa besterik ikusten ez zuen tokian konponbidea eskaintzen jakin izan zuen".
Giza Helburu erakundearen 30. urteurrenaren harira, Izan Fundazioak jardunaldi bat antolatu du Donostian eta bertan izan dira Jose Ignacio Munilla gotzaina, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Iñigo Urkullu lehendakaria.
Gaur egun, droga menpekotasun arazoak dituzten 413 pertsonari eskaintzen die laguntza erakundeak EAEn. Lehendakariaren hitzetan, Gizakia Helburu eredu da droga menpekotasun arazoak dituztenen senideei eta ahaideei eskaintzen dien arretan.
Euskal Herrian eta Europan "aitzindari" izan den elkarte horren "egunez eguneko" eta "pertsonaz pertsonako" lana nabarmendu du eta azpimarratu du duintasuna itzuli diela pertsona horiei.
"Gizarteak arazo bat ikusten zuen tokian konponbide bat eskaintzen, baztertuari eskua luzatzen, gaixoa babesten eta ahulari laguntzen jakin izan zuen", gaineratu du.