Gizartea -
Maiatzak 31
Ibilaldiak 150.000 pertsona baino gehiago biltzea espero du Bilbon
Bizkaiko ikastolen aldeko 37. jaialdia maiatzaren 31n egingo dute Bilbon, Harrobia Lanbide Heziketako zentroak antolatuta, "Harro ibili" lelopean.
Agentziak | Erredakzioa
Ibilaldia Bizkaiko ikastolen aldeko 37. jaialdia maiatzaren 31n egingo dute Bilbon, Harrobia Lanbide Heziketako zentroak antolatuta. "Harro ibili" lelopean, aurtengo edizioak 16 eta 65 urte bitarteko ikasleak dituen Lanbide Heziketako ikastola honek egiten duen lana ezagutaraztea da, eta biltzen den diruarekin, heziketa zentroan beste eraikin bat egiteko proiektua jarriko dute martxan.
Juan Carlos Gomez Ibilaldia elkarteko presidenteak, Fernando Garrigos Harrobia ikastolako zuzendariak, Garikoitz Meabe Ibilaldiaren koordinatzaileak eta Sabin Anuzita Bilboko Udalaren Euskara, Gazteria eta Kiroletako zinegotziak prentsaurrekoa eman dute Bilbon Ibilaldia aurkezteko.
Aurtengo edizioan bilduko den diru kopuruarekin, antolatzaileek Harrobia heziketa zentroan beste eraikin bat egiteko asmoa dutela azpimarratu dute arduradunek. Antolatzaileek 150.000 pertsona inguru espero dituzte maiatzaren 31n Bilboko kaleetan.
Logotipoari dagokionez, oinez dabilen ikastola edo eraikuntza baten irudikapena da, eta "etenik ez duen eta etengabe hobetzen jarraitzen duen proiektu baten sinboloa" dela adierazi nahi da.
Aurtengo edizioko abestiari dagokionez, Zea Mays talde bilbotarra izan da kanta egin eta Bizkaiko Ikastolen aldeko abestiari ahotsa jartzeko ardura izan duena.
Harrobia
Harrobia Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak baimendutako eta hitzartutako Lanbide Heziketako zentro euskalduna da.
Kooperatiba elkartea da. Portugaleten sortu zen 2001-2002 ikasturtean, Ibar Ezkerra Ikastola izenarekin, eta Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba elkartearen partaide da. 2011tik aurrera, lanbide prestakuntza Bilbon eskaintzen du Harrobia izenarekin.