Gizartea -
Iruzurrak
Billete tindatuekin iruzurra egiten zuen talde bat desegin dute EAEn
Kolore batez tindatutako paperei likido batzuk isurita billete legal bihurtzen direla sinetsarazten zieten biktimei. Ertzaintzaren esanetan, 200.000 euroko iruzurra egin du taldeak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Billete tindatuak erabilita, 2015ean 200.000 euro baino gehiagoko iruzurra egin duen talde bat desegin du Ertzaintzak Euskal Autonomia Erkidegoan. Guztira, 28 eta 44 urte bitarteko bost gizonezko atxilotu dituzte Irunen, Deban eta Getarian, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldu duenez.
Azken hilabeteetan prozedura hori erabilita Bilbon eta Eibarren iruzurrak egin direla ohartarazi du Ertzaintzak. Antza denez, kolore batez tindatutako paperei likido batzuk isurita billete legal bihurtzen direla sinetsarazten zieten biktimei.
Hiri horietako ertzain-etxeek ikerketa abiatu zuten, eta, azkenean, asteazkenean, Eibarko ertzain-etxeko agenteek taldea desegin zuten, Urola Kostako eta Irungo Ertzaintzaren laguntzarekin.
Irunen taldeko ustezko buruzagia atxilotu zuten, eta Deban eta Getarian, ostera, bina kide. Atxilotu guztiak gaur geldituko dira epailearen esku.
Iruzurraren bidez lorturiko dirua beren jatorrizko herrialdeetara bidaltzen zuten Frantziako finantza erakundeen bitartez.
Bestalde, Ertzaintzak ohartarazi du badirela iruzur hori egiten duten beste talde batzuk.