Gizartea -
Segurtasun araudi berria
3.700 hegazkini zundak aldatu beharko dizkio Airbusek
Loiun azaroan jazotako gertaeraren ondotik araudia aldatu du Aire Segurtasunerako Europako Agentziak. Orduko hartan, erortzeko zorian egon zen A320 hegazkin bat, zunda batzuk izoztu egin zirelako.
Agentziak | Erredakzioa
A320 motako eta A330 eta A340 modeloetako hegazkinei eraso-angelua neurtzen duten fuselajeko zundak aldatu beharko dizkie Airbus hegazkin fabrikatzaileak, Aire Segurtasunerako Europako Agentziak araudian egindako aldaketa betetzeko.
Zehazki, A320 motako 3.000 hegazkinetan (A318, A319, A320 eta A321 modeloak) eta A330 eta A340 modeloetako 740 unitatetan egin beharko dituzte aldaketak, hegazkinaren eraso-angelua kontrolatzen duten zundak aldatzeko.
Loiun 2014ko azaroan izandako gertaera bat du oinarri aldaketak. Lufthansa konpainiako hegazkin bat erortzeko zorian egon zen orduan, zundak izoztu ostean nabigatzailea datu okerrak ematen hasi eta hegazkinaren inklinazioa aldatu zuelako automatikoki. Minutu bakarrean 1.200 metro egin zituen behera aparatuak. Azkenean, pilotuek eskuko nabigazioa jarri zuten martxan, eta hegazkina kontrolatu eta istripua saihestea lortu zuten.
A320 motako hegazkinak, munduko salduenak
Airbusek ez du argitu zundok aldatu beharrak zenbaterainoko kostua eragingo dion, bezeroekin izenpetutako kontratuen "konfidentzialtasuna" bermatu behar duela argudiatuta.
Munduan gehien saltzen diren hegazkinak dira A320 motakoak. Airbusek 11.700 eskaera ditu jasota, eta gaur egun mundu osoko 400 konpainiatan mota horretako 6.500 hegazkin daude hegan egiten.