Gizartea -

‘Nature’ aldizkaria

Harrizko lanabes zaharrenak aurkitu dituzte Kenyan

Harrizko erremintak duela 3,3 milioi urtekoak dira, gizaki modernoa heldu baino lehenagokoak. Orain arte ezagutzen ziren tresna zaharrenak baino 700.000 urte zaharragoak dira aurkitu berri dituztenak.

Harrizko lanabes zaharrenak aurkitu dituzte Kenyan. Argazkia: 'Nature' aldizkaria
Harrizko lanabes zaharrenak aurkitu dituzte Kenyan. Argazkia: 'Nature' aldizkaria
Harrizko lanabes zaharrenak aurkitu dituzte Kenyan. Argazkia: 'Nature' aldizkaria

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kenya ipar-mendebaldean, basamortuan, lan egiten ari diren zientzialariek duela 3,3 milioi urteko harrizko lanabesak topatu dituzte, gizaki modernoak heldu baino lehenagokoak. Orain arte aurkitutako erreminta zaharrenak dira, alde handiarekin.

Tresnak egin zituzten izakiak gizakiaren arbasoak izatea aukera bat baino ez da; izan ere, adituek ez dute baztertu egileak beste espezie batekoak izatea. Orain arte ezagutzen ziren erreminta zaharrenak baino 700.000 urte zaharragoak dira.

Ertz zorrotzak dituzten lanabesak egiteko trebetasuna eta adimena zuen protogizakien talde baten aurreneko froga da aurkikuntza. Harrizko erremintek “erregistro arkeologikoan abiapuntu berri bat” jarri dute, Nature aldizkariak argitaratu duenez.

Homo generoko (Homo sapiens espeziera zuzenean daraman lerroa) ahaideak harrizko lanabesak egiten lehenengoak izan zirela pentsatu dute antropologoek orain arte. Baina horien aurreko espezie batzuek ere erabili zituztela esateko zantzuak topatu dituzte orain zientzialariek.

Intxaurrak apurtu eta tuberkuluak zabaltzeko

Hominidoek hildako animalien okela ebakitzeko harrizko lanabes zorrotzak egiten hasi zirela dio hipotesi batek, Jason Lewis adituaren esanetan, baina aurkitu berri dituzten erreminten tamainak eta markek “beste gauza batzuetarako erabili zituztela eman dute aditzera, batez ere, baso batean bizi baldin baziren, landare baliabideak eskura zituztelako”.

Horrela, lanabesak intxaurrak apurtzeko edo tuberkuluak zabaltzeko, eta zuhaitz-enborren barruan zeuden intsektuak biltzeko ere erabili zituztela uste dute ikertzaileek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako berriak