Gizartea -
TXOSTENA
Aberats eta txiroen artean, inoizko ezberdintasunik handienak
Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen arabera, ezberdintasun horiei aurre egiteko ezinbestekoa da lan prekaritatea eta generoarekin lotutako diferentziak desagerraraztea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aberats eta txiroen arteko ezberdintasunak inoizko handienak dira Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko (ELGE) herrialdeetan, gaur kaleratu duten txosten baten arabera. Aldea txikitzeko, lan prekarietatearekin eta generoarekin lotutako soldata diferentziak desagerrarazteko lan egitea aholkatu du erakunde horrek.
Lankidetza eta Garapenerako Erakundea osatzen duten herrialde ia guztietan da ezberdintasuna inoizko handiena; Txile, Mexiko, Turkia, AEB eta Israel dira pobreen eta aberatsen artean alderik handienak dauden herrialdeak. Danimarkan, Eslovenian, Txekiar Errepublikan eta Norvegian, berriz, alderik txikiena.
2012an Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea osatzen duten 18 herrialdetako familia txiroenen % 40ek aberastasunaren % 3a baino ez zuten eta, bien bitartean, % 10ek aberastasunaren erdia kontrolatzen zuten. Ikerketak nabarmendu duenez, % 1ek aberastasunaren % 18a zuten.
Gurriak eta Marianne Thyssen Europako Enplegu komisarioak aurkeztu dute txostena Parisen. Gurriaren esanetan, arazo hori zuzentzeko "ekintza politiko" bat garatu behar da, zehazki, ekonomia zein gizarte alorrekoa izango dena. "Desberdintasunen gaiari heltzen ez diotenez, Gobernuek beren herrialdeetako gizarte ehuna mozten dute eta kalte egiten diote epe luzerako hazkunde ekonomikoari", azpimarratu du Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko agintari gorenak.
Aipaturiko txostenak lan baldintzen inguruko atal bat du eta horren arabera lanaldi partzialeko lanak, behin behineko lanaldiak eta beren buruari lana ematen dioten langileen kopurua hazten ari da eta horrek ezberdintasunaren hazkundean eragiten du.
Erakunde horretako herrialdeetan 1995 eta 2013 urteen bitartean sorturiko lanen erdiak prekarioak ziren eta langileak, ostera, behin behinekoak eta kualifikazio gutxikoak; zehatz-mehatz esanda, langile finkoek baino diru-sarrera txikiagoak eta ezegonkorragoak dituzte.
ELGEren txostenak azpimarratzen du baita ere gazteak direla prekarietatea gehien pairatzen dutenak; izan ere, % 40ek ez dute lanpostu ohiko bat eta 30 urtetik beherako pertsonek sinatzen dituzte aldi baterako lan kontratuen erdiak.
Desberdintasunen alorrean Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak aztertu duen beste alorra genero ezberdintasunarena da. Horren arabera, geroz eta emakume gehiagok egiten dute lan eta horrek "desberdintasunak gutxiagotzen lagundu du", baina emakumeek gizonezkoek baino % 15 gutxiago irabazten dute.
Bestalde, lan egiten duten emakumeen portzentajea duela 20 edo 25 urteko mailan dago, baina soldaten arteko aldea hazi egin da.