Gizartea -
SGAE auzia
Ramoncini lau urteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu du Fiskaltzak
Hurrengo kontzertua bertan behera utzi du abeslariak. “Errugabearen kartela sorbaldan zintzilikatu arte” Espainian abestuko ez duela ohartarazi du Ramoncinek.
Agentziak | Erredakzioa
Jose Ramon Marquez Ramoncin abeslariari lau urte eta hamar hilabeteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu du Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak. Egileen Elkarte Nagusiari (SGAE) ustez faktura faltsuak igortzen zizkion abeslariak existitzen ez ziren zerbitzuen truke. Faktura faltsu horien bidez ustez 57.402 euro bereganatu zituen Ramoncinek.
Datorren larunbatean, Madrilen, eman beharreko kontzertua bertan behera utzi du Ramoncin-ek goizean, eta gutxi geroago Fiskaltzaren eskakizunaren berri eman dute. “Errugabearen kartela sorbaldan zintzilikatu arte” Espainian abestuko ez duela ohartarazi du.
Akusazio idazkian, dirua bidegabe jabetzeagatik bi urte eta hamar hilabeteko zigorra eskatu du Jose Miguel Alonso fiskalak. Agiriak faltsutzeagatik beste urte bat eskatu du Fiskaltzak, eta baita 13.924 euroko isun bat ere sozietate delitu batengatik. Abeslaria SGAEren zuzendaritzako kidea izan zen 1998tik 2007ra arte. Fiskalak akusazio idazkia Auzitegi Nazionaleko Argibideetako Epaitegi Zentralari igorri dio gaur.
Neriri zigor bera ezartzea eskatu du
Era berean, Jose Luis Rodriguez Neri sarearen ustezko buruzagiari zigor berdina ezartzea eskatu du fiskalak. Neri SDAEko (SGAEren filial digitala) zuzendari nagusi ohia da.
Bestalde, Pablo Antonio Hernandez Arroyo SGAEko idazkari nagusi ohiari bi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela-zigorra ezartzea eskatu du Fiskaltzak. Enrique Loras erakundearen zuzendari nagusi ohiari bi urteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu du. Era berean, 40.356 eta 20.886 euroko isunak eskatu ditu, hurrenez hurren, iruzurra egiteagatik.
Ramoncinek SGAEri 50.912 euroko kalte-ordaina ematea nahi du fiskalak. Nerik 43.950 euroko kalte-ordaina ematea eskatu du Fiskaltzak.