Gizartea -

Cadiz

Urtebetean hirutan atxilotu dute adingabeei sexu-abusuak egiteagatik

25 urteko gizonezko bat da eta Instagram bidez jartzen omen zen harremanetan 12 eta 13 urte arteko adingabeekin. Biktimetako asko (9 identifikatu dituzte) bere ikasle ohiak ziren.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak 25 urteko gizonezko bat atxilotu du Chipionan (Cadiz), "benetako harrapari sexuala", azken hilabeteotan bi aldiz atxilotu eta bietan aske utzi dutena.

Atxilotua irakaslea izan zen, eta Instagram sarearen bidez jartzen zen harremanetan 12 eta 13 urte arteko adingabeekin, horietako asko haren ikasle ohiak, ikertzaileek EFE albiste-agentziari jakinarazi diotenez.

Urtebetean hirutan atxilotu dute "benetako harrapari sexuala", Guardia Zibilaren arabera. Agenteek bederatzi biktima identifikatu dituzte dagoeneko.

Lehenengo, Jerez de los Caballerosen (Badajoz) atxilotu zuten iaz, bi adingaberi sexu-gehiegikeriak egitea egotzita. Epailearen aurrera eraman eta gero, aske utzi zuten, epaiketaren zain, karguekin.

Orain dela hilabete, aipatutako iturrien arabera, Chipionan atxilotu zuten berriro, beste gazte bati abusuak egitea egotzita, eta, beste behin ere, aske utzi zuten, karguekin, epaiketaren zain.

Hirugarrenez, orain egun batzuk atxilotu dute, ikertzaileek hilabeteotan horren inguruko froga ugari bildu eta gero. Ondorioz, Chiclana de la Fronterako 4 zenbakiko Instrukzio Auzitegiko titularrak espetxeratzeko agindua eman du.

Azken atxiloketa Señorito operazioaren baitan egin dute. Operazioa Guardia Zibilak abiatu zuen Chiclana de la Fronteran emakume batek salaketa jarri ondoren, 13 urteko semeari lau aldiz abusuak egin zizkiolako gizonezko batek, Instagram bidez harremanetan jarri eta gero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea