Gizartea -

Heriotza

Emile Larre euskaltzain emeritua hil da

Apaiza, bertsolaria, kazetaria eta idazlea zen Larre, eta Herria astekaria zuzendu zuen. Kanbon hil da, 89 urte zituela.

Emile Larre. Argazkia: Euskaltzaindia
Emile Larre. Argazkia: Euskaltzaindia
Emile Larre. Argazkia: Euskaltzaindia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emile Larre euskaltzain emeritua hil da, Euskaltzaindiak ohar baten bidez jakitera eman duenez. Atzo hil zen Emile Larre, Kanbon, 89 urte zituela.

Apaiza, bertsolaria, kazetaria eta idazlea zen Larre, eta bertsolaritzaren sustatzaile eta eragile nagusienetakoa izan zen Ipar Euskal Herrian. Horrez gain, Herria astekariaren zuzendari lanetan aritu zen, eta orain ohorezko zuzendari zen.

Bere aldeko hileta elizkizuna datorren asteartean, ekainak 2, egingo da, Baigorrin, 15:30ean.

Eliza testuen itzulpena

Oinarrizko ikasketak Baigorrin egin ondoren, Uztaritzeko Seminario Txikian (1937-1944) eta Baionako Seminario Handian (1945-1951) ikasi zuen. Baionan apaiztu zen 1951eko ekainaren 29an. Irakasle aritu zen Mauleko ikastetxean (1944) eta Donibane Garaziko laborantza eskolan (1954-1956).

Euskal liturgian eta eliz testuen itzulpenean lan handia egindakoa da. Vatikanoko II. Kontzilioaren garaian hasi (1964) eta hainbat urtez Belokeko monasterioan bildu zen taldeko kide izan zen, liturgia latinetik euskarara itzultzeko. Dozenaka kantika berri idatzi edo zaharberritu zituen. Halaber, abesbatzak zuzendu eta bertsoari mezan tokia eman zion,

Epaimahaikide izan zen, orobat, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian (1962, 1965, 1967, 1982) eta Nafarroako Bertsolari Txapelketan hamar urtez (1984-1994), besteak beste. Bertso jarrien idazle zen eta Euskaltzaindiko lanari dagokionez ere, bereziki herri literaturaren arloan jardun zuen.

Herria astekarian

Txikitatik hasi zen euskaraz idazten, Piarres Lafittek nahiz Eskualzaleen Biltzarrak antolatutako lehiaketetan. Gero Herria astekarian eta Eskualdun Gazteriaren Gazte (1956) hilabetekarian jarraitu zuen idazten, sarri ''Sokorri'' ezizenarekin. Beste hainbat aldizkaritan argitaratu zituen idazlanak: Gure Almanaka, La Croix du Sud, Zeruko Argia, Herria 2000 Eliza, Mezulari, Jakin, Igandetan Elizan, Otoizlari, Elgar, eta abar.

Dena dela, Baionako Herrian idatzi zituen lanik gehienak, 1969-2003 artean kazeta horren zuzendari izan zelako, Piarres Lafitteren (1944-1967) eta Jean Hiriart-Urrutiren (1968-1969) ondoren. Zuzendari zela erdietsi zituen astekariak 2000. zenbakia (1989) nahiz 50. urtemuga (1994).

Hogeita hamahiru urte horietan itzelezko eginkizuna bete zuen milaka irakurle dituen agerkariak, nafar-lapurteratik poliki-poliki euskara baturantz abiatuta. Geroztik ohorezko zuzendari zen, eta Janbattit Dirazar, zuzendari.

Argitaratutako lan nagusiak

-Aiherra Nafarroaren leihoa (1980)

-Jauna dut argi : mundu berri, Eliza berri / Jean Hiriart-Urruty (1977)

-Fedea gidari : mundu berri, Eliza berri / Jean Hiriart-Urruty (1981)

-Ipar Euskadiko bertsolariak (Jakin, 1980)

-Pierre Lafitte-ren omenaldia (Euskera, 1978)

-Artzain solas : mundu berri, Eliza berri / Jean Hiriart-Urruty (1984)

-Izar alde / Jean Hiriart-Urruty (1989)

-Aitaren etxerat mundu berri, Eliza berri / Jean Hiriart-Urruty 1992

-Eta beste biga /J. Hiriart-Urruty

-Ene artzain-etxolak (2001)

-Xanpun bertsularia (Auspoa) 2006

-Ene bertsuen feiria : (bertsu bilduma) / Jean Pierre Mendiburu (Auspoa) 2007

-Ene ezkilaren dangak : (bertsu bilduma) / Ernest Alkat 2007

-Biotz barneko solasak / Joanes Arrosagaray (Auspoa) 2007

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken kultur albisteak