Gizartea -
Gertakaria
Hartz batek gizon bat zauritu du Kantabrian
Gizona Villaescusatik bi kilometrora zegoela, hartz bat hurbildu zitzaion eta atzaparka egin zion. Eskuineko besoa hautsi eta hainbat urradura egin zizkion.
Agentziak | Erredakzioa
Hartz batek 35 urteko gizonezko bat zauritu zuen atzo Kantabrian, Villaescusa herritik bi kilometrora dagoen baso eremu batean.
Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak jakinarazi duenez, Guardia Zibilak 20:00etan jaso zuen erasoaren berri. Gizonezkoak zauri arinak ditu aurpegian eta lepoan, eta hautsita du eskuineko besoa.
Anbulantzia batek artatu zuen lehendabizi gizon zauritua, erasoa izan zen lekuan bertan. Gero, baina, Santanderko Valdecilla Ospitalera eraman zuten, eskuineko besoan ebakuntza egitera; izan ere, hautsita izatez gainera, giharrak urratuta zituen. Zauri larriak ditu, baina haren bizia ez dago arriskuan, erietxeko iturriek adierazi dutenez.
Gizonak Guardia Zibilari kontatu zionez, Villaescusatik bi kilometrora dagoen ur-depositu baten ondoan zegoela, bat-batean, hartz bat hurbildu zitzaion eta atzaparka egin zion.