Gizartea -
Nafarroa
Ertzain bat atxilotu dute Leitzan, kamioi gidari bat hiltzea egotzita
Antza denez, zirkulazioa dela eta eztabaida bat izan dute, eta atxilotuak tiro egin dio kamioilariari buruan. Tiroa “ustez, ertzainaren arauzko armarekin egin ez” duela azaldu du Segurtasun Sailak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kamioi gidari bat hil da ostegun honetan Leitzan (Nafarroa), tiroz, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez. Nafarroako Foruzaingoak ertzain bat atxilotu du erasotzailea delakoan, ikerketako iturriek EFE albiste agentziari adierazi diotenez.
Gertaera 13:19an A-15 autobiderako sarbidean gertatu da, Donostiarako norabidean.
Foruzaingoaren arabera, ertzaina bizkaitarra da, baina Iruñean bizi da. Bere ibilgailuan Tolosara (Gipuzkoa) zihoan, lantokia bertan duelako.
Bestalde, kamioilaria Granadako garraio enpresa bateko behargina da. Dirudienez, kamioilaria Aguas Lanjaron enpresarentzat plastikozko botilen bila etorri da Euskal Herrira.
Antza denez, zirkulazioa dela eta eztabaida bat izan dute biktimak eta atxilotuak, eta azken horrek tiro egin dio kamioi gidariari buruan. Momentuz, eztabaida zerk eragin duen ez dute zehaztu. Ika-mikan biak ibilgailuetatik jaitsi dira eta ertzainak tiro egin du, Foruzaingoak emandako datuen arabera.
Kamioilariaren gorpua Iruñera eraman dute dagoeneko. Foruzaingoa gertatutakoa ikertzen ari da; izan ere, hilketa Nafarroan gertatu da.
Arauzko arma
Hildako gidariaren senitartekoei elkartasuna adierazi eta gero, tiroa "ustez, ertzainaren arauzko armarekin egin ez" duela azaldu du Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak.
Nafarroako epaileari eta Foruzaingoari ikerketan laguntzeko prest agertu da sailburua. Atxilotutako ertzaina eskarmentu handikoa dela eta Oriako polizia-etxean lan egiten duela esan du Beltran de Herediak.
Foruzaingoa hilketa gertatu den tokian. Argazkia: EFE
Ertzaintzak lanetik kanpo ez dute arauzko arma eramateko baimenik. Horretarako baimen berezia behar dute, Segurtasun Saileko iturriek azaldu dutenez. ETA aktibo zegoen garaian arauzko arma gainean eramateko baimena zuten ertzainek, babeserako neurri bezala, iturri berdinen arabera.
Hala ere, bigarren arma bat izateko aukera dute orain. Horregatik, tiro bigarren arma horrekin egin ote duen ala ez ikertzen ari dira.
Radio Euskadik baieztatu duenez, atxilotuak arma partikular edo pertsonal bat zeraman. Bestalde, atxilotuak 20 urte baino gehiagoko eskarmentua du Ertzaintzan eta ez du inolako aurrekaririk, ezta arazo psikiatrikorik ere.
Motrileko (Granada) Udala senitartekoen esanetara jarri da
Kamioilaria Motrilen (Granada) bizi zen. Bertako Udalak gertatutakoa deitoratu du eta biktimaren familiaren esanetara jarri da.
Hildakoa 39 urteko Jesus Madrigal Burgos da. Biktimak bikotekidea du, baina ez du seme-alabarik.
Udalaren elkartasuna adierazi die Luisa Garcia Chamorro Motrileko alkateak senitartekoei, eta edozein kudeaketarako familiaren aginduetara jarri da.
"Erruduna zigor gabe ez geratzea" eskatu du Hiruk
Kamioilariaren heriotza gaitzetsi du Hiru garraiolarien sindikatuak. "Gertatutakoa argitzeko beharrezko neurri guztiak" hartzea eta "erruduna zigor gabe ez geratzea" eskatu du. Hildakoaren familiari "elkartasuna" adierazi dio sindikatuak agiri batean.
"Eztabaida baten erdian tiro egiteak ustezko egilearen aiurria agerian uzten du", Hiruk agirian adierazi duenez.