Gizartea -
Andaluzia
Gizon bat atxilotu dute Jaenen, seme-alaben desagerpenarekin lotuta
Hiru, bost eta zazpi urteko haurrak Andaluziako Juntaren babespean daude, eta adingabeen zentro batean bizi dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
47 urteko gizonezko bat atxilotu dute Jaenen, bere hiru seme-alaben desagerpenarekin lotura duelakoan. Hiru, bost eta zazpi urteko haurrak Andaluziako Juntaren babespean daude, eta La Carolinako adingabeen zentro batean bizi dira.
Asteartean seme-alabekin elkartu zen, aurrez Andaluziako Juntarekin hitzordua adostu ondoren. Aitak Udaltzaingoaren aurrean salatu zuenez, gozokiak erostera joan zen inguruko denda batera, haurrak parke batean utzita, eta itzuli zenean, haurrak ez zeuden bertan.
Poliziak susmo txarra hartu, eta atxilotu egin zuen aita (Manuel M.M.). Gizonak aurrekariak ditu eta aurreko astean hainbat egunetako kanpaldia egin zuen Andaluziako Juntaren aurrean seme-alaben zaintza itzultzea eskatzeko.
Geroztik, haurren bila ari dira, eta hipotesi guztiak zabalik daude, baina, Segurtasun Indarren ustez, norbaitekin ados jarri zen haurrak eramateko; izan ere, hamar egun barru harrera familien esku utziko dituzte.
Atxilotua La Carolinako polizia-etxean dago, adingabeen desagerpenarekin lotura izatea leporatuta.
Bestalde, Andaluziako Juntak ikerketa abiatu du gertaturikoa zehaztu eta balizko erantzukizunak argitzeko, Purificacion Galvez Andaluziako Gobernuak Jaenen duen ordezkariaren arabera.
Jose Bretonen kasuarekin antzekotasunik izan dezakeen galdetuta, Antonio Sanz Espainiako Gobernuak Andaluzian duen ordezkariaren esanetan, "goizegi" da bi kasuak parekatzeko, baina haren antzik ez izateko esperantza agertu du.