Gizartea -
Indarkeria matxista
Atxilo Urnietan, baimenik gabe bikotekide ohiaren etxean sartzeagatik
Gizonezkoa sukaldeko leihotik barrena sartu da etxera eta Ertzaintzak giltza sorta bat atzeman dio.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
30 urteko gizonezko bat atxilotu dute Urnietan, ustez, baimenik gabe haren bikotekide ohiaren etxebizitzan sartzeagatik. Bizilekua bortxatzearen delitua leporatu dio Ertzaintzak gizonezkoari.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak berri eman duenez, ostiral gaueko hamaiketan jazo da gertaera Urnietako etxebizitza batean.
Emakumeak Ertzaintzari hots egin dio etxebizitza barruan haren bikotekide ohia aurkitu ostean; izan ere, dagoeneko ez ziren elkarrekin bizi. Antza denez, sukaldeko leihotik barrena sartu da etxera.
Ertzainak etxebizitzara bertaratu direnean gizonezkoa sukaldeko leihotik sartu dela egiaztatu dute eta, ondoren, atxilotu egin dute bizilekua bortxatzearen delitua egotzita.
Halaber, ertzainek etxebizitzako giltza sorta bat atzeman diote.