Gizartea -
Mendiko erreskateak
Bi mendizale erreskatatu dituzte Samiñon eta Aralarren
58 urteko mendizale batek zorabioa izan du Samiño mendian, eta 66 urteko bigarren mendizale bat erreskatatu dute Aralarren ondoezik sentitu ondoren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzaren bi helikopterok bina mendizale erreskatatu dituzte igande honetan Samiño eta Aralar mendietan, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak berri eman duenez. 58 urteko mendizale batek zorabioa izan du Samiño mendian eta 66 urteko bigarren mendizale bat, ostera, ondoezik sentitu da Aralarren eta aurrera jarraitu ezinik gelditu da.
Lehendabiziko erreskatea eguerdian izan da Zumarraga eta Azkoitia arteko Samiño mendian. 58 urteko mendizale batek zorabioa izan du mendian eta suhiltzaileek eta ertzainek jaitsi behar izan dute helikopteroa zegoen tokira arte. Ondoren, helikopteroz Donostiara eraman dute eta handik osasun zentro batera eraman dute.
Arratsaldeko hirurak pasatxoan, berriz, Ertzaintzaren beste helikoptero batek 66 urteko mendizale bat erreskatatu du Aralar mendian, Alotzako iturriaren parean. Antza denez, gizonezkoa ondoezik sentitu da eta aurrera jarraitu ezinik gelditu da.
Helikopteroz Aralarraren magalera, Larraitzera, eraman eta Gurutze Gorriko kideek artatu ostean Tolosako Asuncion ospitalera eraman dute.