Gizartea -

Nafarroa eta Zuberoa artean

Onik agertu da Ori mendian desagertutako mendizalea

Otsagabiatik abiatu zen mendi ezagunera atzo eta gaur goizean topatu dute, bilaketa hasi eta gutxira. 35 urteko gizonezkoa da.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ori mendiaren inguruetan desagertutako mendizalea onik topatu dute Elurretako Andre Maria ermitatik 2 km ingurura, Otsagabian. Guardia Zibilaren GREIM taldeak aurkitu du, 8:19ean, atzo hasi eta gaur berriz berrabiarazitako bilaketa operazioa -Nafarroako Larrialdietarako Agentziak koordinatuta- hasi eta gutxira.

Ori mendian -Nafarroa eta Zuberoa artean- desagertu zen atzo, larunbata, mendizalea. Lanak atzo bertan abiarazi zituzten, Nafarroako Larrialdi Agentziak antolatutako operatibo baten bidez, baina ez zuten topatzea lortu.

Galdutako mendizalea 35 urteko gizonezkoa da, Logroñoko bizilaguna. Otsagabiara joana zen bere anaiarekin, Irati Extreme lasterketan parte hartuko baitzuen eta berak, bitartean, txangotan ibiltzeko asmoa zuen. Whatssap bidez Orira igotzeko asmoa zuela jakinarazi zuen eta 18:00etan autoa aparkatu zuten lekuan geratu ziren, Otsagabian.

Alabaina, itzuli ez zela baieztatzean, bere anaiak inguruko taberna eta leku batzuetan bilatu zuen baina, azkenik, abisua eman zuen.

ANEk operatiboa antolatu zuen eta Nabaskozeko eta Auritzeko suhiltzaileek, Ingurumen Saileko hainbat foruzaingok eta Guardia Zibileko GREIM taldeko zenbait agentek osatutako taldea bildu zen. Bilaketa goizaldeko 4:00ak arte luzatu dute, baina mendizaleak galdurik jarraitzen du.

Gaur, 08:00etan, bilaketa berrabiarazi dituzte eta, oraingoan, Nafarroako Gobernuko helikoptero batek bat egin du taldearekin. Gainera, Otsagabiako zenbait bizilagunek operatiboan laguntzeko borondatea azaldu dute, baina azkenik agertu da, herri nafarraren inguruetan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Iparraldea argazkiak