Gizartea -

Indart auzia

Gaztelun (Nafarroa) hilda topatu zuten gaztearen aita atxilotu dute

Foruzaingoak beste lau lagun atxilotu ditu, heriotzarekin zerikusia dutelakoan. Iñaki Indarten gorpua 2014ko abenduan aurkitu zuten, sei urtez desagertuta egon ondoren.

Gaztelun hilik agertu zen Iñaki Indarten aita atxilotu dute

1:12

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Indart 2014ko abenduan Gaztelun (Nafarroa) hilda topatu gaztearen aita atxilotu dute asteon, mutilaren heriotzarekin zerikusia izan dezakeelakoan, Diario de Noticias de Navarra egunkariak gaur jakinarazi duenez.

Egunkari horren arabera, Indartekin batera beste lau lagun atxilotu zituen Foruzaingoak asteartean. Atxiloketak Legasan (Bertizarana) egin zituzten, eta, aita kenduta, beste laurak aske utzi dituzte jada. Gizonezkoa, ordea, Polizia etxean dute oraindik, eta baliteke ostiralera arte atxilotuta izatea. Atxiloketak egiteaz gain, Indart familiaren baserria miatu zuen Foruzaingoak.

Indart auziak kolpe latza eragin zuen 200 biztanleko herri txiki horretan, baita Baztanaldean ere. Eskualdean oso ezaguna den ganaduzale familia bateko semea zen Iñaki Indart, 25 urte zituen eta 2008ko martxoaren 9an ikusi zuten azkenekoz. Egun hartan, Donezteben atera zen, lagunekin, eta mozkortuta gidatzeagatik atxilotu ostean, bere herrira, Legasara, itzuli zenean desagertu zen. Senideak eta lagunak haren bila ibili ziren, baina alferrik. Sei urte geroago, 2014ko abenduan, Gazteluko leizean aurkitu zuten haren gorpua.

Iruñeko 4. zenbakiko Instrukzio Auzitegiak hartu du auziaren ardura bere gain, eta sumarioa sekretupean jarri zuen. Auzitegiak aginduta egin ditu Foruzaingoak atxiloketak eta miaketak. Hain justu, egunkari nafarraren arabera, gaztearen hurbilekoak ikertzen ari dira, beste hipotesiak baztertu gabe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan