Gizartea -
Abiadura Handiko Trena
AHTaren proiektua gelditzeko eskatu diote Nafarroako Gobernu berriari
Gelditu, Sustrai Erakuntza y Ekologistak Martxan kolektiboak "baikor" azaldu dira, horien ustez, osatuko den Gobernu berriaren "gehiengoa AHTaren aurka baitago".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gelditu, Sustrai Erakuntza y Ekologistak Martxan kolektiboek elkarretaratzea egin dute larunbat honetan Nafarroako Jauregiaren aurrean, Nafarroako Gobernu berriari eskatzeko Abiadura Handiko Trenaren proiektua bertan behera utz dezan.
"AHT gelditzeko unea da", esan du AHT Gelditu elkarteko kide Raul Olorizek. Elkarretaratzean pankarta handia eraman dute, eta bertan "Zuen AHT, gure hondamena" leloa irakur zitekeen.
Olorizek azpimarratu duenez, Nafarroako Gobernu berriak proiektu hori gelditu behar du halabeharrez, egun "kolokan" dagoelako. Dirudienez, Uxue Barkosek (Geroa Bai), EH Bilduk, Ahal Duguk eta I-Ek osatuko dute Nafarroako Gobernu berria.
AHTaren proiektuaren inguruan iritzi-aldaketarik izan daitekeela uste dute kolektiboek, Gobernu berriaren "gehiengoa AHTaren aurka baitago". "Aukera gehiago ikusten ditugu, horren politikek ez baitute zerikusirik UPNren politikekin", esan du Olorizek. "Proiektua herriaren parte-hartzerik gabe eta herritarrei kontsultatu barik egin dute", salatu du.
Olorizek nabarmendu duenez, Podemos, EH Bildu eta I-E proiektua gelditzearen alde daude, eta Geroa Bai, berriz, AHTren alde dago, baina "gehiengo bat proiektuaren aurka dago, eta horrek pisu handiena du".
Gainera, ikusi beharko da zein egoeratan dauden Nafarroako Gobernuko diru-kutxak. Bestalde, Sustapen Ministerioak "atzerapen handia darama Nafarroari dagokionez". "Ez dakigu atzerapena jarrera politikoarengatik edo ekonomikoarengatik ote den", gaineratu du.
Olorizen iritzian, "proiektuaren bideragarritasun falta frogatuta geratu da, AHT ez da bideragarria sozialki ezta ekonomikoki ere, ez dago prest merkantziak eramateko, erabilpen-tasa oso txikia izango da, eta herritar gehienak erabiltzen duen ohiko trenarentzat mehatxu handia izango da".