Gizartea -
Atentatu terrorista
Hildako bat eta bi zauritu Frantzian, atentatu batean
Ustezko egilea 35 urteko Yashim Salhi paketeria konpainia bateko behargina da. Salhi atxilotu du Poliziak. Hildakoa erasotzailearen nagusia zen. 54 urteko enpresaburuari burua moztu dio erasotzaileak.
E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS
Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren kontrako erasoa izan eta sei hilabetera, atentatu jihadisten mamua berriz haragitu da ostiral honetan Frantzian. Lagun bat hil eta bi zauritu dira Saint-Quentin-Fallavier herrian (Isere departamentua, Frantziako hego-ekialdea) izan den atentatu terrorista batean.
Gizonezko bat herri horretako produktu kimikoen Air Products enpresan sartu da, auto batean. Gas bonbona batzuen kontra eraman du ibilgailua. Eztanda handia izan da eta bi lagun zauritu dira. Horrez gain, enpresa barrualdean lepoa moztuta zuen lagun bat topatu dute, buruan arabiarrez egindako inskripzioak zituela.
Ustezko egilea langile bat da
35 urteko Yashim Salhi paketeria konpainia bateko behargina atxilotu dute azetona botilak manipulatzen ari zenean, lantegiaren barruan.
Lehenago bere nagusiaren burua lantegiko burdin hesian zintzilikatu du. 54 urteko enpresaburuak behargina iragan martxoan kontratatu zuen. ?Chahada? arabieraz idatzita (fede musulmanaren goraipamena), burua banderatxoekin estali du.
Gero banaketa enpresako furgonetak butano-botila, azetona eta aire likidoz beterik zegoen hangar baten aurka talka egin du, Francois Molins Pariseko fiskalak azaldu duenez.
Leherketak autoa, ibilgailuaren sabaia eta biltegiaren zati handi bat suntsitu ditu.
Baina ez du biktima gehiago eragin. Salhik ez du etsi eta beste hangar batera joan da. Lehen leherketa gertatu eta bost minutu geroago suhiltzaileak bertaratu dira eta ustezko erasotzailea atxilotu dute.
Biktimaren gorpua ibilgailuaren alboan aurkitu dute eta metro batzuk urrunago labana bat topatu dute. Labana aztertzen ari dira.
Jarraipen berezia
Nahiz eta aurrekaririk ez izan, 2006tik 2008ra Salhiri jarraipen berezia egin zioten zerbitzu sekretuek, mugimendu erradikal islamiarrekin lotura zuelako. Hala ere, Poliziak esku hartzeko deliturik ez zuen egin eta jarraitzeari utzi zioten zerbitzu sekretuek.
2011tik 2014era, ordea, espioien arreta berriz bereganatu zuen Salhik, ?Lyoneko mugimendu salafistarekin harremanak izan zituelako?, Molinsek erantsi duenez.
Salhik lantegiaren barruan sopikunik izan ez duela adierazi du fiskalak, baina beste atxilotu bat dagoela onartu du. Atentatua gertatu baino lehen susmagarria enpresaren aurretik behin baino gehiagotan pasatzen ikusi zuten lekukoek. Era berean, Salhiren emaztea eta arreba atxilotu dituzte.
Loturarik ez
Erasoak Tunisian eta Kuwaiten gaur gertatutako beste bi atentatuekin harremanik ez duela esan du Francois Hollande Frantziako presidenteak.
Francois Hollande Frantziako presidenteak presazko agerraldia egin du Bruselatik. Iseren gertatutakoa "atentatu terroristatzat" jo du, "inongo zalantzarik gabe".
"Abiada bizian gidatutako auto bat gas botila zeuden tokira eraman dute", azaldu du Hollandek eta ustezko ekintzaileetako bat atxilotu eta identifikatu dutela baieztatu du.
"Jomuga izan daitezkeen eremuen gaineko babesa indartu egin dugu", agertu du Hollandek.
Hollandek Twitterren gaitzetsi du atentatua, eta "beldurraren aurrean amore emango" ez dutela azpimarratu du:
Air Products enpresa
80 lagunek egiten dute lan Saint-Quentin-Fallavier herrian dagoen Air Products enpresan. Bi lantegi ditu konpainiak, bata bestearen aurrean eta errepide batek banandua. Botilak gasez betetzen zituzten eraikinaren kontra izan da atentatua, Liberation egunkariak zehaztu duenez. "Beste eraikinaren kontra egin izan balute, kaltea handiagoa izango litzateke, oxigeno depositu handi bat baitago", adierazi dute egunkari horrek aipatutako lantegiko iturriek.
Atentatua Frantzia hego-ekialdean jazo da, Lyonetik kilometro gutxira. Irudia: Google Maps
Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren eta Parisko juduen supermerkatuaren kontrako atentatuak gertatu eta sei hilabetera jazo da Iserekoa. 16 lagun hil ziren Estatu Islamikoak bere egindako erasootan.