Gizartea -
Erasoa
Atxilotu bat Bilbon, adingabe bati sexu abusuak egitea egotzita
29 urteko gizonezkoa larunbatean utzi zuten epailearen esku.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak 29 urteko gizonezko bat atxilotu zuen larunbat goizean, 17 urteko emakume bati sexu abusuak egitea eta hari eskuko telefonoa lapurtzea egotzita, Ertzaintzak berri eman duenez.
Antza denez, erasoa goizeko bederatzietan gertatu zen Bilboko Kale Nagusian. Ertzaintzaren patruila bat erasoaren lekuko izan zen, eta, gainera, gizonak emakumeari eskuko telefonoa ere ostu ziola egiaztatu zuen.
Bi pertsona horiengana gerturatu ziren ertzainak eta gizonezkoa atxilotu eta anbulantzia bat eskatu zuten emakumea ospitale batean artatua izan zedin.
Atxilotuari sexu askatasunaren kontrako delitua eta ebasketa hutsegitea egotzi diote, eta atzo bertan igaro zen epailearen aurretik.