Gizartea -

ALARDEAK IRUNEN

Irunek bihar egun handia biziko du alardeen ospakizunarekin

Alarde tradizionala 7:40an aterako da; alarde mistoaren txanda, berriz, 10:20an izango da.

San Marcial alardea

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irunek bihar San Martzial eguna ospatuko du, jaietako egun nagusiena. Azken urteetan gertatzen ari den legez, bi alarde ibiliko dira hiriguneko kaleetan barrena: tradizionala eta mistoa.

Alarde tradizionala abiatuko da lehendabizi, Urdanibia plazatik atera eta San Juan plazara joko du. Alarde horretan emakumeek kantinera gisa parte hartzen dute bakarrik, eta irundarren babes gehien biltzen duena da. 19 konpainiaz osatuta dago, bakoitza bere kantinerarekin, eta 8.000 gizonezkotik gora biltzen ditu. Laugarren urtez jarraian aurten ere Iñaki Arrubarrena jeneralaren zuzendaritzapean egongo da. San Juan plazan egingo du bat desfilearekin, arma-ikuskatzea eta deskargak egiteko.

Ondoren, alarde tradizionala Juncal plaza txikira zuzenduko da berriz ere, deskargak egiteko eta handik irteera itzultzeko. Goizeko hamarrak inguruan amaituko dira lehenengo  alardearen egitekoak, eta 10:20an mistoaren txanda iritsiko da.

Soldadu gisa gizonek zein emakumeek esku hartzen duten alardeak tradizionalaren ibilbide bera jarraituko du hirigunetik zehar. Inma Landari egokituko zaio bigarren urtez jeneral-lanak egitea, eta bere agindupean 11 konpainia eta 1.300 pertsona izango ditu.

Desfile mistoa ikustera Julia Hernández (Arartekoaren laguntzailea), Izaskun Landaida (Emakundeko Zuzendaria) eta Ana Alberdi (Emakundeko Idazkari Nagusia) bertaratuko dira.

Arratsaldeko desfileak alderantzizko ordenan egingo dira; horrenbestez, mistoa 17:30ean aterako da Urdanibia plazatik, eta ordu bat geroago tradizionalari egokituko zaio. Alarde biek bat egin ez dezaten, mistoak 20:00ak orduko atera beharko du San Juan plazatik, tradizionalari lekukoa emateko.

Ospakizun hori urtero egiten da ekainaren 30ean, eta berarekin tokiko miliziek 1522an frantses tropen aurka San Martzialeko guduan lortutako garaipena ospatzen da. Porrot horren ondorioz, frantsesek atzera egin behar izan zuten eta ezinezkoa egin zitzaien mugako gune hori kontrolpean hartzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Irun bideoak Irungo alardea