Gizartea -

Bizkaia

Arreba balkoitik botatzen saiatzeagatik atxilotu dute Portugaleten

Nebak kolpatu zuela eta balkoitik behera botatzen saiatu zela salatu ostean atxilotu dute.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 60 urteko gizonezko bat atxilotu zuen astelehen arratsaldean Portugaleten (Bizkaia), hilketa saiakera delitua egotzita. Arreba balkoitik behera botatzen saiatu zen gizona, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez.

Emakumeak astelehen arratsaldean (16:00ak aldera) deitu zuen Ertzaintzara, nebak kolpatu zuela eta amaren etxebizitzako balkoitik behera botatzen saiatu zela esanez.

Bertaratu zen patruilak "antsietate egoera nabarmenean" atzeman zuen emakumea. Biktimak azaldu zienez, nebak kolpatu egin zuen eta, une batean, etxeko balkoiraino eraman zuen eta balkoitik behera botatzen saiatu zen.

Emakumeak aurre egin ondoren, gizonezkoa etxetik joan zen. Biktimak lepoaldea gorrituta zuen, eta arropa zimurtuta. Anbulantzia batek artatu zuen  etxebizitzan bertan, baina Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan zuten jarraian.

Horren aurrean, ustezko erasotzailea bilatzeari ekin zioten agenteek, eta inguruko taberna batean topatu zuten, handik gutxira. Hilketa saiakera  egotzita atxilotu eta polizia-etxera eraman zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Portugalete bideoak Bizkaiko albisteak