Gizartea -
JAZARPENA
Hiru atxilotu Gasteiz eta Usansolo artean jarraika ibili ostean
Ertzaintzak bi emakumezko eta gizonezko bat atxilotu ditu iruzur-saiakera, agintaritzaren agenteei atentatua egitea eta ausartegi gidatzea leporatuta.
AGENTZIAK
Gertakariak atzo goizeko 11:00etan hasi ziren, Gasteizeko Logroño kalean dagoen banketxe batetik gertu. Bertan, atxilotuek andre zahar batengana jo eta, iruzur bidez, 3.500 euro ateratzeko konbentzitu zuten.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, biktima banketxera sartu zen bitartean, beste hiru pertsonak kanpoan geratu ziren zain, hurbil dagoen aparkaleku batean.
Behin barruan, emakumeak diru eskatu zuen, baina kopuruak banketxeko langilearen susmoak piztu eta hark 112 telefonora (SOS-Deiak) hots egin zuen ustezko maula-kasu bat gertatzen ari zela ohartarazteko.
Ertzaintzaren patruila bat bertaratu zen eta kanpoan zain zegoen gizonari identifikatzeko eskatu zion; alabaina, hark ertzaina ostikoz lurrera bota, autoan sartu eta alde egin zuen beste biekin batera.
Jarraian abiadura handiko jazarpen bati hasiera eman zitzaion Vitoria-Gasteizeko hirigunean, N-240 errepidean zehar (Bilboko noranzkoan). Tarte horretan, hainbat semaforo gorriz pasatu zituen, aurkako noranzkoan ibili zen zenbait kaletatik eta aparkatuta zeuden auto batzuk jo zituen.
Durango eta Galdakaoko polizia-etxeetako patruila batzuk Galdakaoko ospitalera sartzeko biribilgunean, Usansolon, susmagarrien ibilgailuaren zain zeuden, eta bertan geldiarazi zuten.
59 urteko gizonezkoa iruzur-saiakera, agintaritzaren agenteei atentatua egitea eta ausartegi gidatzea leporatuta atxilotu zuten. Emakumeei (57 eta 16 urte), berriz, iruzur-saiakera egitea besterik ez zaie egotzi.