Gizartea -
Nafarroa
Onik aurkitu dute Elizondon desagertutako emakumea
62 urteko auzokidea larunbat arratsaldean desagertu zen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Onik aurkitu dute larunbatean Elizondon desagertutako emakumea, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez. Ospitalera igorri dute, bertan bere osasun egoera aztertzeko.
Maria Angeles Baquedano du izena, 62 urtekoa, eta larunbat arratsaldean desagertu zen. Orduan, Larrialdietarako Nafarroako Agentziak herritarren laguntza eskatu zuen Elizondoko auzokidea aurkitzeko.
Emakumea Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte zahar-egoitzan bizi da, eta hango agintariek desagerpenaren berri izan zutenean, Foru Poliziari deitu zioten larunbat arratsaldean. Orduan, 19:30ean Larrialdietarako Agentziak operatiboa abiarazi zuen.
Nafarroako Gobernuko suhiltzaileek eta Foru Poliziak osatutako taldeak bilaketarekin jarraitu zuen gauean zehar. Igande honetan, halaber, bilaketa-taldea indartu zuten, eta Gurutze Gorria, DYA, Salbamendurako Txakur-Taldea, Nafarroako Gobernuko helikoptero bat eta Guardia Zibila batu ziren.