Gizartea -
Lan gatazka
Hitzarmen duina eskatu dute Lantegi Batuak enpresako langileek Bilbon
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, manifestazioa egin dute Bilbon. Halaber, zuzendaritzaren proposamena salatu du enpresa batzordeak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lantegi Batuak fundazioko langileek manifestazioa egin dute larunbat honetan Bilbon lan hitzarmen duina eskatzeko eta zuzendaritzak proposamen "lotsagarria" egin diela salatzeko. Lan hitzarmena negoziatzen ari dira bi aldeak, langileek hiru urtez soldata izoztuta izan ostean.
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitutako manifestazioa eguerdian atera da Jesusen Bihotza plazatik "lan hitzarmen duin baten alde" lelopean, eta hitzarmena negoziatzeko orduan orain arte izan duen jarrera errotik aldatzeko eskatu diote enpresako zuzendaritzari. Are gehiago, enpresak bereari eusten badio mobilizazioekin jarraituko dutela ohartarazi du Patxi Ventura enpresa batzordeko presidenteak.
Venturak salatu duenez, baldintza "lotsagarriak" jasotzen dituen proposamen "onartezina" helarazi die enpresako zuzendaritzak.
"Langileek ahalegina egin dute enpresaren iraupenaren alde eta hiru urtez soldatak izoztuta izan dituzte. Orain eskubideak murriztu nahi dizkigute, malgutasuna handitu eta ekoizpeneko langileei hileko soldatan euro bateko igoera egin", salatu du.
Lantegi Batuak fundazioaren helburua aniztasun funtzionala duten pertsonak lanerako gaitasuna eskuratzea eta lan mundurako sarbide izatea da eta 2.021 langilek egiten dute lan bertan.