Gizartea -
Ekimen solidarioa
Milaka lagun 'bustita', esklerosi anizkoitza dutenei babesa emateko
Gaur egun, gaixotasun horrek 2.200 laguni eragiten die Euskal Autonomia Erkidegoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Milaka lagunek parte-hartu dute igande honetan Esklerosi Anizkoitzaren Euskal Fundazioak (EAEF) Euskal Autonomia Erkidegoko 80 herritako hondartza eta igerilekutan egindako ekitaldietan. Urteroko hitzordu horren helburua gaixotasun horren inguruan herritarrak sentsibilizatzea da.
Hemezortzigarrenez antolatu dute "Busti zaitez" kanpaina eta, gaixotasuna gizarteratzeaz gain, gaixoen osasun eta gizarte zerbitzuei eusteko eta ikerketa bultzatzeko dirua biltzea da helburua.
Euskal Autonomia Erkidegoko ekitaldi nagusia Getxoko Ereaga hondartzan egin da eta bertan izan dira politika, kirol zein gizarte alorreko hainbat aurpegi ezagun; besteak beste, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia, Iñaki Landa Getxoko alkatea, Isabel Sanchez Robles foru diputatua, Iñigo Pombo Bilboko zinegotzia, Athleticeko jokalari ohiak, aktoreak, abeslariak eta Gurutzetako zein Basurtu ospitaleko arduradunak.
Aurtengo berritasunetako bat Virtualware aplikazioa izan da eta eskuragarri dago Play Storen.
Gipuzkoan, probintziako 22 tokitan egin dituzte ekitaldiak eta pixkanaka-pixkanaka aurreko urteetako zenbakiak gainditzea dute helburu.
Ildo horretan, Gipuzkoako ekitaldi nagusia Donostiako Kontxa hondartzan egin dute eta ekitaldiarekin bat egin dute Eneko Goia Donostiako alkateak, Denis Itxaso sozialistak eta Miren Albistur popularrak, besteak beste.
Argazkia: EFE
Gaurkoa, Esklerosi Anizkoitzaren Euskal Fundazioaren urteroko ekitaldi nagusia da. EAEn 2.200 inguruk pairatzen dute gaixotasun hori eta fundazioak bere irabazien erdia gaixoen errehabilitaziorako eta arretarako bideratzen du.