Gizartea -

Osakidetza

Ebakuntzen itxaron zerrenda kontsultatzeko zerbitzua aurkeztu dute

Jon Darpon sailburuak azaldu duenez, EAEko osasun-sistema eta haren profesionalak "pertsonengana hurbiltzeko" zerbitzu teknologiko berria izango da.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak ebakuntzen itxaron zerrenden egoera kontsultatzeko zerbitzu berri bat aurkeztu du gaur, Osasun Karpeta elektronikoa.

Jon Darpon sailburuak azaldu duenez, EAEko osasun-sistema eta haren profesionalak "pertsonengana hurbiltzeko" zerbitzu teknologiko berria izango da.

Osasun Karpeta Historia Kliniko Elektronikorako sarbidea da. Erabiltzaile bakoitzaren informazio kliniko eta sanitario guztia biltzen da bertan, modu seguruan eta isilpean. Internet bidezko sarbidea du, eta, beraz, gailu mugikor zein finko batetik egin daiteke kontsulta, edonon eta edonoiz. Dena den, sinadura digital aurreratuaren bidez bakarrik sartu ahalko da bertara, barku-joko baten bidez; erabiltzaileak bere gakoa, pasahitza eta koordenatuak behar ditu. Osasun zentroan eskatu daitezke, e-NAN bidez, herritar txartelarekin edo ONA erabiliz.

Karpeta horri esker, hainbat kontsulta egin ditzake herritarrak, hala nola, ospitaleratze txostenak, larrialdietakoak, proba osagarrietakoak eta egindako ebakuntzak; orobat, informazioa, dokumentuak eta sendagilearen txostenak sar ditzakegu gure historia klinikoan.

Halaber, gehitu diren azken aplikazioek aukera ematen dute Pazientearen Egunkaria sortzeko eta medikuaren eta pazientearen arteko harremana errazteko, mezuak eta zalantzak helarazi daitezkeelako.

Hortaz, aurrerantzean, kirurgia handiko ebakuntza baten zain daudenek beren egoera kontsultatu ahal izango dute Itxaron-zerrenda kirurgikoa aplikazioan; hau da, Osasun Karpetari gehitu dioten azken aplikazioan.

"Zerbitzu berri hau martxan jarrita, beste pauso bat ematen ari gara, Eusko Jaurlaritzak legealdi honetan abiarazi duen gardentasunaren eta informazioaren ildotik", adierazi du Darponek.

Euskadiko osasun-sistemaren kargura programatutako ebakuntzek (premiazkoak ez direnek) bete beharreko epeak zeintzuk diren gogoratu du Darponek, eta epe horiek ezin dutela 180 egunetik gorakoak izan nabarmendu du. Bederatzi zerbitzu hauetan sartzen dira zehaztutako prozedurak: Kirurgia orokorra, Kirurgia baskularra, Dermatologia, Ginekologia, Oftalmologia, Otorrinolaringologia, Traumatologia, Urologia eta Bihotzeko kirurgia. (Begi-lausoa, Barizeak, Aldaka-protesia, Prostatektomiak, Koloneko kirurgia, Mastektomia eta Ebakuntzak balbulen gaixotasunagatik)

Kontsulta egin ahal izateko, interesdunak Historia Kliniko Elektronikoan begiratu behar du, Osasun Karpetaren barruan. Behin zerbitzuan sarturik, Itxaron-zerrenda kirurgikoa aurkituko du pazienteak: egiteke dauden ebakuntzak eta nork bere egoera ikus dezake bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza