Gizartea -
Gertaera
Zaborrontzi batean aurkitu zuten haurtxoaren ama atxilotu dute
Epaileak atxilotua espetxera bidali du. Zazpi-hamar eguneko haurtxoa asteazkenean topatu zuten, zaborrontzi baten barruan, bizirik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guardia Zibilak atxilotu egin du atzo zaborrontzi baten barruan aurkitutako haurtxoaren ama. Gertakaria Mejorada del Campo Madrilgo udalerrian jazo zen, eta umea Henaresko Ospitalera eraman zuten.
Hasiera batean, emakumezkoak ukatu egin zuen umea zaborrontzira bota izana, baina, azkenean, egindakoa onartu du Guardia Zibilaren aurrean. Beste hiru seme-alaba ditu, eta umeak aitaren ardurapean utzi dituzte.
Bermerik gabeko behin-behineko espetxealdi komunikatua ezarri dio Cosladako (Madril) guardiako epaitegiak emakumeari.
Madrilgo Justizia Auzitegiak jakitera eman duenez, 37 urteko emakume kolonbiarrari hilketa saiakera egotzi diote.
Emakumeak 4, 5 eta 11 urteko beste hiru seme-alaba ditu, eta umetxoa utzi zuen lekutik gertu bizi da.
Zazpi-hamar eguneko haurtxoa asteazkenean topatu zuten, zaborrontzi baten barruan, bizirik.
Toreros de Mejorada kalean lurpean dagoen zaborrontzi batetik ume baten negarra ateratzen zela entzun zuen bizilagun batek, eta larrialdi zerbitzuei deitu zien, 07:21ean, horren berri emateko.
Guardia Zibila, Madrilgo suhiltzaileak, Summako anbulantzia bat eta Madrilgo Udaleko hondakinak biltzeko zerbitzuko langileak bertaratu ziren.
Azken hauek lurpean zegoen edukiontzia atera ondoren, Guardia Zibileko bi agentek motxila baten barruan topatu zuten haurtxoa, eta Henaresko Ospitalera eraman zuten berehala. Umea onik dagoela jakinarazi du gaur Guardia Zibilak.