Gizartea -

Euskara

Poziktibityk ohikotasunarekin zerikusia duten kontzeptuak landuko ditu

Lehenengo kontzeptua partekatzea izango da, eta aurtengo bideoetako protagonistak pertsona anonimoak izango dira. Horrez gain, webgune berrituaren nondik norakoak ere azaldu dituzte.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak martxan jarritako Poziktibity proiektuak bigarren etapari ekin dio, egunerokotasuneko une soil eta arruntetan oinarrituko da eta ohikotasunarekin zerikusia duten kontzeptuak landuko ditu, lehenengoa, partekatzea.

Hala jakinarazi du ostiral honetan Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Julian Iantzi ETBko aurkezlearekin batera egindako Poziktibity proiektuaren 2015. urteko lehenengo bideoaren aurkezpenean. Donostiako Gu tabernan izan da aurkezpena, eta Valladolid futbol taldeko entrenatzaile Gaizka Garitanok ere hartu du parte, nahiz eta ez den bertan egon.

Baztarrikak gogorarazi du Poziktibity euskararen erabilera sustatzea helburu duen proiektua dela eta, dagoeneko, urtebete igaro dela kontzeptua lehen aldiz zabaldu zenetik. "Kontzeptu edo ideia soil bat baino gehiago bizitza ulertzeko eta gozatzeko modu bat da Poziktibity. Urtebete honetan maiz errepikatu da Poziktibity kontzeptu bizia dela. Eta bizirik dagoena moldatu, aldatu, garatu egiten da", azaldu du.

Iaz pertsona ospetsuen laguntza izan zuen proiektuak, eta ostiral honetan aurkeztu den etapa berrian ere proiektu honek bere ondoan izango ditu Poziktibityren balioak islatzen dituzten pertsona garrantzitsuak (prentsaurrekoan, adibidez, Iantzi eta Garitano), baina egunerokotasuneko une soil eta arruntetan oinarrituko da, eta bideoetako protagonistak pertsona anonimoak izango dira. Halaber, aurten, ekimenak ohikotasunarekin zerikusia duten kontzeptuak landuko ditu, eta lehenengoa partekatzea izango da.

Webgune berritua

Bizipen horien ikusle zein protagonista mundu guztia izan daiteke, eta, horregatik, hori guztia Poziktibity webgune berrituan jasoko da. Bideoak protagonista izaten jarraitzen du webgunean, eta bertan jasotzen dira egunero bizi izaten diren egoerak, arruntak denak, ohikoak, printzipioz ezer berezirik ez dutenak, baina gure bizitza osatzen dutenak. "Eta egoera horietan guztietan entzuten da euskara", adierazi du Baztarrikak.

Bideoa ikusteko aukeraz gain, eduki asko ere aurki daiteke bertan. Izan ere, orrialdea bisitatuz gero, hainbat iturritatik datorren informazioa aurkituko du erabiltzaileak: Facebook, Twitter, Instagram, Youtube. Gainera, beste zenbait berritasun baditu webguneak: alde batetik, bloga egongo da, astez aste testuak, bideoak, argazkiak eta abar jasoko dituena; bestetik, pertsona ororen bizitzan ezinbestekoa den elementua izango du: musika; eta, azkenik, egingo diren zozketei buruzko informazioa agertuko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea