Gizartea -
Lan Eskaintza Publikoa
Osakidetzako probak, urte bukaeran BECen eta Donostian
57.501 lagunek izena eman zuten. Azterketak azaroaren 21ean eta 22an egingo dituzte Donostiako Barriola ikasgeletan, eta abenduaren 12an eta 13an Barakaldoko BECen.
Agentziak | Erredakzioa
Osakidetzako lan eskaintza publikoaren probak azaroaren 21ean eta 22an egingo dituzte Donostiako Barriola ikasgeletan, eta abenduaren 12an eta 13an Barakaldoko BECen. 57.501 lagunek izena eman zuten, baina 1.014 lanpostu soilik eskaintzen dira.
Legealdi honetan bi eskaintza publiko deituko ditu Osakidetzak, eta hau aurrenekoa da. 2.000 lanpostu baino gehiago bete nahi dituzte agintaldian.
Berritasunen artean, galdera-sortan erantzun okerrak ez dituzte zigortuko oraingo honetan.
Goizean eta arratsaldean
Azaroaren 21ean (larunbata), Donostiako Barriola ikasgeletan, familiako mediku eta emagin azterketak egingo dituzte hautagaiek goizean; eta arratsaldean laborategi teknikariek. Azaroaren 22an (igandea) pediatria eta fisioterapeuta probak egingo dituzte, biak goizean.
Barakaldoko BECen, abenduaren 12an (larunbata) zaindari azterketak egingo dituzte goizean, eta administrari laguntzaileak arratsaldean. Abenduaren 13an (igandea), erizainek probak egingo dituzte goizean eta erizain laguntzaileek arratsaldean.
Helegiteak
Bestalde, lan eskaintza publikoko oinarrien kontra aurkeztutako helegiteak aztertu ditu Osakidetzak. SATSE eta SAE sindikatuek aurkeztutako errekurtsoen zati bat onartu du, probetan aukera-berdintasuna bermatzeko.
Horrela, deialdiaren baldintzak bermatuko dizkie Osakidetzak haurdunaldi, erditze, susperraldi edo osasun arazo larrien ondorioz azterketara joaterik ez duten pertsonei.
Era berean, Arabako Eginaren Eginez elkartearen helegitea onartu du Osakidetzako Administrazio-kontseiluak. Horrela, urritasunen bat duten pertsonentzako lanpostu bat gehiago (36) eskainiko dute, araudian ezarritakoa bermatzeko.
Erizain Gradua aintzat hartzeko SATSEren helegitea ere onartu du Osakidetzak, erizain, fisioterapeuta eta emagin kategorietan.